Sanikolasen ostean hasiko dira Aita Lertxundi kaleko obrak

Karkara 2019ko abe. 4a, 12:30

Pilar Azurmendi eta Ainara Munduate, agerraldian.

Espaloia zabaltzea eta eraberritzea da helburu nagusia, eta argiteria eta lurpeko azpiegiturak ere berrituko dituzte. Abendutik aurrera, hiru obra izango dira aldi berean Orion: Aita Lertxundikoak, herriko plazakoak eta moilakoak.

Orioko Udalaren arabera, egun «egoera txarrean» dago Aita Lertxundi kalea; 22 eta 28 zenbakien arteko tartean, bereziki. Hala, kalea eraberritzeko lanei ekingo diete aurki. San Nikolas jaien ondoren helduko diote aurreneko faseari; hain zuzen, abenduaren 9ko astean. Ainara Munduate Hirigintza batzordeko buruak eta Pilar Azurmendi arkitektoak obren inguruko nondik norakoak azaldu zituzten iragan ostiralean, udaletxean.

Duela 40 urte eraiki zuten Aita Lertxundi kaleko espaloia, eta udalak azpimarratu duenez, «hondatuta» dago dagoeneko. 22 eta 28 zenbakien artean, gainera, baldosa hidraulikoz osatutakoa dagainazala, eta «oso higatuta» dagoela diote. Ondorioz, «labaina» da batzuetan. Bestalde, espaloia «estua» dela ere azaldu dute; izan ere, 1,50 metro inguru ditu zabaleraz. Bidearen «egoera txarrak» eta «pasaera estuak», beraz, «arriskua» sortzen dute gunean, udalaren esanetan.

Lurra ez da zaharkitua dagoen bakarra, udalaren esanetan. N-634 errepidea ondotik igarotzen denez, errepideetako argiteria dago Aita Lertxundi kalean, jada «zaharra» dena. Ur saneamenduari dagokionean ere, «egoera kaxkarra» dela diote udaleko ordezkariek: «Dikeko aldapa arte euri-urak eta ur zikinak bereizita jasotzen dira; Dikeko aldapatik Aritzaga kalera, ordea, ez. Tarte horretan saneamendua bereizteko lanak egin behar dira». Hala, obren bidez, helburua da «Zarautzera ponpatzen den eta araztu behar den ura gutxitzea». Modu horretan, «usainak eta bestelako arazoak» ekiditea aurreikusi du udalak.

Espaloia zabaltzea

Aita Lertxundi kaleak antolamendu berria izatea hobetsi du udalak. Espaloia zabaltzea da lehentasuna; horretarako, autobus geltokia estutuko dute, baita aparkalekuak kendu ere. Dena den, kalearen beste aldean kargarako eta deskargarako eremua dago, eta hori «hobeto antolatzea» da asmoa, aparkalekuak bertan kokatu ahal izateko.

Bestalde, eraberritze lanei dagokienez, Dikeko aldapatik hasi eta Aritzaga kalera arteko oinbide guztia berrituko dute. «Donosti motako baldosa hidraulikoak» erabilita eraikiko dute gainazala, hain zuzen. Esertzeko bankuz eta landareontziz ere hornituko dute bidea.

Argiteria berritzea ere aurreikusi dute. Errepidera bideratutako azpiegitura kendu eta «kale-argia» jarriko du udalak, «bizilagunei eta komertzioei lehentasuna» emango dion «egitura urbanoa» sortuz. Espaloia eta argiteria ez ezik, «lurpeko azgiegitura guztiak berritzeko» ere probestuko dituzte obrak.

Hiru fase

Munduatek eta Azurmendik azaldu zutenez, hiru fase bereiztuko dituzte Aita Lertxundi kaleko lanetan. Sanikolasen ostean izango da lehenengo fasea; Dikeko aldapatik hasi, eta Aita Lertxundiko 24. zenbakira arteko zatia barnebilduko duena.
Bigarren fasean 26. zenbakitik 30. zenbakira arteko tartean izango dira obrak; eta azkenengo fasean, 32. zenbakitik Aritzaga kalerainoko zatian. Azurmendik iragarri duenez, aurreikuspena da hilabete inguru irautea fase bakoitzak. Hala, guztira, hiru hilabetez luzatuko dira Aita Lertxundiko obrak.

Aurrekontuari dagokionean, 182.678,60 eurokoa izango da, BEZ barne. Eusko Jaurlaritzaren Hirigune biziberritze komertziala programaren bidez, 23.000 euroko dirulaguntza jaso du Orioko Udalak, eta Jaurlaritzaren Itsaspen programaren barruan, 56.000 eurokoa. Altuna y Uria enpresa arduratuko da obrak egiteaz.

Hiru obra aldi berean

Azurmendik iragarri zuenez, «zailak» izango dira datozen hilabeteak Orion. Izan ere, hiru obra egingo dituzte aldi berean: Aita Lertxundikoak,  herriko plazakoak eta moilakoak.

Izan ere, udazkenaren atarian hasi ziren plaza zabalteko eta oinezkoentzako bihurtzeko lanak, bederatzi hilabete inguruko iraupena izango dutenak, Orioko Udalaren aurreikuspenen arabera. Munduateren esanetan, «martxa onean doaz»: «Aritzagako zatia amaitzen ari dira jada, eta aurki irekiko dute bertako bidea». Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak laster ekingo die moila zabaltzeko lanei ere; «urtarrilean, ziur aski». Lan horiek ere bederatzi hilabete inguruan amaituko dituzte, eta baliteke denbora tarte batean portuko bidea (une honetan bi noranzko dituena) itxi behar izatea.

Beraz, abenduaren 9tik aurrera Aita Lertxundiko obrak hastean, herriko plazakoekin eta moilakoekin egingo dute bat denboran. Hala, «sortuko diren eragozpenen aurrean», herritarren «pazientzia» galdegin zuen Munduatek joan den ostiraleko agerraldian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide