'Lo potolo' liburuan hartu du parte Anjel Lertxundik

Karkara 2019ko abe. 2a, 20:28

Anjel Lertxundi idazlea. (Aritz Mutiozabal)

Haurrentzako 30 testu inguru idatzi dituzte zortzi egilek, eta Alberdania argitaletxeak plazaratu du bilduma Eider Eibarrek ilustratuta.

Alberdania argitaletxeak haurrei zuzenduriko Lo potolo. Lotara joateko ipuinak liburua kaleratu berri du zortzi idazleren lanekin. Horien artean, Anjel Letxundiren testuak daude; idazle oriotarrak Amona Petrari ikasia eta Behiak muuu! ipuinak ekarri ditu lan honetara.

Gainerako idazleak dira Uxue Alberdi, Mitxel Murua, Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe eta Patxi Zubizarreta. Ia 30 pieza bildu dituzte, Eider Eibar ilustratzailearen marrazkiekin apainduta. Ipuinekin batera, poemak, jolasak, egitura erritmikoak, hitz-jolas eta aho-korapiloen tankerako testuak ditu liburuak.

“Askotarikoak dira piezak, askotarikoak diren bezala lumak eta erregistroak. Liluratik pikardiara, jolasetik gogoetara, goxotasunetik irribarrera, edo algarara… Bidaia etengabea proposatzen zaio irakurtzen duenari eta entzuten duenari”, nabarmendu zuen Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak aurkezpenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide