Aho batez onartu dute 2020rako Orioko Udal Aurrekontua

Karkara 2019ko abe. 2a, 17:00

8.044.732 euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak datorren urterako, eta 807.223 euro bideratuko ditu inbertsioetara.

Ostegunean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta udal taldeek, aho batez, lehen onarpena eman zioten 2020rako Orioko Udal Aurrekontuari. Hala, 8.044.732 euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak datorren urterako, eta 807.223 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Orain, aurrekontuak jendaurrean egon beharko du hamabost languneko epean, behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lanegunetik zenbatzen hasita. Alegaziorik aurkeztuko ez balitz, lehen onarpena behin betikoa bihurtuko da, inongo erabaki berririk hartu gabe.

Anuska Esnal alkatearen esanetan, "aurrekontu arrakastatsuak" dira onartu dituztenak. Batetik, "denborak errespetatu" dituztela uste duelako. "Historikoki, aurrekontua garaiz onartzeko zailtasuna egon da beti Orion eta, ondorioz, urtearen lehen zatian lan egin ezinik geratzen zen udala. Horregatik, hasieratik argi genuen azaroan onartu nahi genituela 2020rako udal aurrekontuak, eta horretan saiatu gara. Abuztuan hasi ginen sukaldeko lanak egiten, eta gai izan gara aurrekontuak azaroan onartzeko". 

Bestetik, alkateak azaldu zuen duela bi hilabete aurkeztu ziela bere proposamena EH Bilduk gainontzeko alderdiei, eta orain arte beste hiru taldeekin aurrekontuak negoziatzen aritu direla, aho batez onartu ahal izateko. "Eskerrak eman nahi dizkiet EAJri, PSE-EEri eta Oraini egin duten ahaleginagatik".

Bukatzeko, aurrekontu "aurrerakoiak" direla ere azpimarratu zuen Esnalek. "Aurrekontu aurrerakoiak dira gizarte zerbitzuen arloan, kulturan, hezkuntzan eta euskaran, besteak beste. Aitortu behar dut niri lanean eta elkarlanean jarraitzeko ilusio handia piztu didatela".

Adostasunerako prest
EAJko kide Andoni Torresek Esnalen lekukoa hartu zuen udalbatzarrean, eta aurrekontuak adosteko alderdiek izan duten jarrera nabarmendu zuen. "Jakin bagenekien hainbat proiekturi uko egin beharko geniela adostasunera iristeko. Guk, esaterako, herritarrekin hartu genituen hainbat konpromiso bideratu ditugu dagoeneko; hala nola parke estalia egiteko konpromisoa, herri baratzak sortzeko proiektua, hondartzako bidegorria edo udal musika banda sortzeko proiektuak bultzatzea, besteak beste. Beste zenbait proiektu mahai gainean geratu dira, eta horiek hurrengo urteetan egiten saiatuko gara", azaldu zuen EAJko kideak.

PSE-EEko Ana Priederen iritziz 2020ko aurrekontuen bereizgarri nagusia "gizarte arloko partidak indartzea" izan da. "Etxez etxeko laguntzaren eta larrialdietarako laguntzaren partidak handitu ditugu, eta uste dut, horrek behar gehien dituzten herritarren egoera hobetzen lagunduko duela. Izan ere, gizarte arloko partidetan ia dirurik gabe eta larrialdietarako eskaera mordoarekin iritsi gara 2019 bukaerara. Horietako asko oinarrizko beharrei aurre egiteko eskaerak izan dira, Orioko errealitatea nahiko gogorra baita". Horregatik, Priederi ezinbestekoa iruditzen zaio agintaldi honetan Gizarte-Ongizate Saila indartzea. "Zenbait egoeren aurrean neurriak hartzen hasi behar dugu, bestela, ez egin izanaz damutuko gara hemendik urte batzuetara. Hau da horretarako une egokia, alderdion adostasuna eta horretarako behar diren baliabideak baititugu".

Orain ere «gustura»
Orain plataformako Joxe Anjel Iparragirren iritziz, aurrekontu «onak» dira, besteak beste, beren programan aurkeztu zituzten konpromiso gehienak lehen urtean bideratuko dituztelako. "Horrez gain, onak dira, alderdiok adostasunetara iristeko nahia izan dugulako uneoro. Eskuzabalak izan zarete denok, eta eskertzekoa da; hala, urtarriletik aurrera martxan segitzeko aukera izango dugu. Oraingoz paperean ditugu, baina proiektuak errealitate bihurtu daitezen gogor lan egin beharko dugu urtean zehar". Bestalde, "isilpean lan" egiten duten Orain plataformako kideak ere izan zituen gogoan Iparragirrek hitzartzean. "Astelehenero taldekideekin elkartu naiz, udaleko gaiak landu eta horietaz eztabaidatzeko; tartean aurrekontuak ere izan ditugu hizpide. Eskerrak eman behar dizkiet eman didaten babesagatik". 

 

INBERTSIOETAKO PARTIDA NAGUSIAK

Herritarren segurtasuna eta mugikortasuna: 43.006 euro 

Etxebizitza eta Hirigintza. Plan Orokorra: 36.167 euro

Azterketak eta proiektuak: 45.000 euro

Kaia eta Aritzaga kaleko obrak: 221.856 euro

Bide publikoetan inbertsioak
- Muntoko parkeko pasarela: 12.000 euro
- Estropalari kalea asfaltatzeko bigarren fasea: 35.000
- Mutiozabal pasealekuko sarbide berria: 60.000 euro
- Bateatzekoe eremua: 10.000 euro
- Autopistako panelak: 10.000 euro
- Kiroldegiko tabernatik atzeko kirol gunera eskailerak: 15.000 euro
- Muntoko eremuan picnic mahaiak: 4.000 euro
- Bizikleteroak eta gurpilak puzteko eremua: 5.500 euro
- Eserlekuak: 4.000 euro
- Haur parkeak: 48.006 euro.
- Parke Estalia obrarako 6 euroko partida irekia.
- Txakurren jolas gunean: 3.000 euro

Ingurumena
- Hondartzako ekipamendua: 4.871 euro
- Ahaten parkerako altzariak: 4.235 euro
- Herri baratza 30.000 euro

Hezkuntza
- Haurreskola: 30.000 euro
- Zaragueta Eskola: 15.000 euro
- Musika Eskolan: 4.394

Kultura
- Liburutegia: 10.000 euro
- Kultur Etxeko led argiteria: 12.000 euro
- Kultur Etxeko atearen irisgarritasuna hobetzeko: 7.100 euro
- Kosta Tailerrean igogailua jartzeko: 24.000 euro

Kirola
- Kiroldegia: 16.406 euro
- Meldibeltz zelaian: 5.006 euro

Merkataritza, turismo eta enpresa txiki eta ertainak
- Kanpina: 26.206 euro

Landa errepideak konpontzeko 12.000 euro

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide