Irudietan: Banderen bedeinkazioa 1916tik gaur arte

Karkara 2019ko aza. 20a, 14:30

1916tik gaur arteko banderen bedeinkazioko argazkien bilduma egin du Olasagastik. Ekitaldi gehiago izan baziren ere, 12 urteetako argazkiak bildu ditu oraingo honetan.

Antzinatik datozen makina usadio ditugu Orion, tartean, denboraldiko estropadetan irabazitako banderen bedeinkazioa. Arrauna eta estropadak, XIX. mendetik, herri nortasunaren alde garrantzitsuenetako bat izan dira. Horregatik, Donostiako Estropada irabazten den urtean egiten da ekimena.

2019ra arte, 33 aldiz irabazi da Kontxako bandera Orion. 32 aldiz gizonezkoek irabazi dute, 2008an hasi baitzen emakumez osatutako traineruen lehia. Gure herriko ontziak 2010ean hartu zuen parte lehenengoz. Eta aurten, etxera ekarri dute bandera.

Iturria: Joxe Mari Olasagasti
Argazkiak: Joxe Mari Olasagastik lortutakoak

Banderen bedeinkazioa

Horrela, datozen San Nikolas jaietan, abenduaren 8an, igandearekin,  2017tik gaur arte irabazi diren bandera guztien bedeinkazioa egingo dute. Berezia izango da aurtengoa, izan ere hiru mende ukitzen dituen historia honetan, Orioko ondare kultural nagusienetakoa den arraun-estropadak, lehenengo aldiz emakumeen garaipena izango du oinarri.

Igandeko meza eta gero egingo da, 12:00etan. Elizako joan-etorria txarangaz lagunduta egingo dute eta, ondoren, 12:30etik aurrera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale ibiliko da, kantuz.

Bazkaria

Udalak eta Arraun Elkarteak elkar lanean antolatutako arraun festa ohizko bazkariarekin bukatuko da. Bazkaria Arraunetxen izango da eta parte hartu nahi dutenek kultur etxean edo Gabon tabernan erosi behar dute txartela, aldez aurretik.

Prezioa

Bazkaritarako txartelaren prezioa 32 eurokoa izango da, helduentzat, eta 13 eurokoa, haurrentzat (ikusi menuak kartelean). Txartela erosteko azken eguna abenduaren 1a izango da.

Arraunlariak gonbidatu

Udalak Arraun Elkarteko arraunlariak gonbidatuko ditu bazkaltzera; baina gainontzeko guztiek txartela erosi beharko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide