Euskararen erabilera igo egin da Orion, %72koa da gaur egun

Karkara 2019ko urr. 23a, 11:00

Herritarrak plazan.

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak azken kale neurketaren datuak jakinarazi ditu.

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin neurtzen du euskararen erabilera kalean, eta jakinarazi dute aurtengo neurketak ondorio garbi hau utzi duela: "euskararen erabilera igo egin da, batez ere helduen artean".

"Azken urteotan —bereziki, 2011tik hona— beheranzko joera izan du euskararen erabilerak Orion, baina, aurtengo neurketaren arabera, joera hori aldatu egin da". Hain zuzen ere, bederatzi puntu egin du gora. Igoerarik handiena helduen taldean gertatu da (25-64 urtekoen artean): % 57tik %72ra. Beste adin-taldeetan aldaketak ez dira horren handiak, nahiz eta atentzioa ematen duen gazteen artean jaitsiera txiki bat izan dela.

Metodologia
Orioko Udaletik jakinarazi dutenez, udaleko Euskara Zerbitzuak hogeita hamar urte daramatza euskararen erabilera neurtzen herriko kaleetan. Bi urtetik behin egiten da neurketa, beti maiatzean, garai eta ordu berdinetan, datuak gero konparatu ahal izateko.

Neurketa egiterakoan, kalean dabilen jende guztiaren jarduna apuntatzen dute neurtzaileek: zein ari den euskaraz, zein gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean, emakumezkoak ala gizonezkoak diren, zein adin-taldetan sailkatzen diren eta abar. "Aurtengo neurketa maiatzaren 8tik 12ra egin zen eta herriko bi lagun ibili ziren lan horretan. Guztira, 3.181 herritarren hizkuntza-jarduna neurtu zuten asteazkenetik igandera bitartean, bizitza sozialeko hainbat jardueratan: erosketak egiten, paseatzen, txikiteoan..."

Euskara Zerbitzutik nabarmendu dute, lagina hain zabala denez, emaitzak "fidagarritasun handikoak" direla, "errore-marjina txiki batekin".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide