Magia eta fantasia, txikitasunean

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urr. 16a, 11:00

Ipuin kontalari jarduten du Leire Zinkunegik, haurrei zein helduei zuzendutako saioak egiten ditu. Egunerokoan parez pare topatu ohi diren erronkak lantzen ditu, magiaz blai.

Zer nolako kontaketek piztu dezakete dirdira haurren edota helduen begietan? Urte eta erdi inguru darama Leire Zinkunegik (Orio, 1981) ipuin kontalari gisara, eta galdera horren erantzuna desestaltzeari ekin dio pixkanaka. "Haurrentzako ipuinetan garrantzia handia du magiak, fantasiak. Indar berezia du pertsonaiek pasartez pasarte sortutako abenturak", azaldu du. Helduen kasuan, berriz, "mezua" garrantzitsuagoa dela dio: "Kontaketaren oinarrian hausnarketa bat dagoela ikusi beharra dute sarri". Hala, pertsonaiek bizitako abenturen eskutik datoz haurrek ipuinen bidez egindako bidaia sakonenak. Helduek, baina, bestelako bidaiak marrazten dituzte kontaketetan barrena: "Ipuin kontalari baten ahotik kontakizun bat entzun, eta entzuleek beren bizipen pertsonalekin lotzea lortzen dutenean hartzen du indarra istorioak; norberaren barne jakinduriarekin konektatzean".

Ipuinen bidez bultzatu daitezkeen barne hausnarketa horiei esker, "pertsonen arteko elkar ulermena" landu eta ehundu daitekeela adierazi du Zinkunegik. Hamaika gai ukitu ohi ditu bere kontakizunetan, "eguneroko bizitzan" ageri ohi direnak, eta txikitasun horretan handi bilakatzen direnak. Esaterako, helduei zuzendutako saioetan, "zoriontasunaren bilaketa, estresa, heriotza edota beldurrak" izaten ditu hizpide, "egunerokoan aurre egin behar izaten diegun zailtasunak" lantze aldera. 

Haurrentzako ipuinetan ere jorratzen du elkar ulermena Zinkunegik, beste modu batera, ordea. "Laguntasuna, ondoan dugun kidea ulertzen saiatzearen eta zaintzearen garrantzia, mahaira ateratzen ahalegintzen naiz", dio. Horretarako, hainbat metodo ikasi ditu dagoeneko: "Pertsonaien hitz egiteko eta mugitzeko moduak eragin handia dute haurren begietan". Elementu horiek mimo handiz zaintzen ditu Zinkunegik: "Gainera, oso gustuko dut pertsonaien azalean sartzea eta haurrekin jolastu ahal izatea, harremanetan jartzea, alegia". Helduekin ere elkar ukitzea lortu ohi du, kontaketek ardatz dituzten barne bizipenak loratzea lortzen dutenean: "Bilduta gaudenon arteko elkartasuna sentitzen dut une horietan. Maiz bakartuta bizi gara, norberaren bidean harrapatuta, eta sinetsi ere egiten dugu ez dugula loturarik gainontzeko pertsonekin. Ipuinek, jolasek bezala, gure arteko distantzia laburtzen dute. Elkarren artean hurbildu egiten gara, nolabait", azaldu du Zinkunegik. 

Kuttunak

Hamaika idazleren sormenetik jaiotako kontakizunak helarazten ditu oriotarrak, baina ipuinak sortzen ere hasia da orain: "Ahalduntze prozesua da honakoa. Sorkuntza munduan ere murgildu naiz, azkenean. Gozatzen eta alde hori garatzen ari naiz, aurrerago, besteei eskaini ahal izateko". Hala ere, beste egile batzuek sortutako lanak "aurkitzea, tiraderatik ateratzea, eta handik denbora batera berraurkitzea" maite du. Haien artean, gaur gaurkoz, badira Zinkunegirentzat bereziki kuttunak diren zenbait kontakizun, esaterako, Inesaren balada, Olatua edota Ilargi berria. "Neskak protagonista dituzten ipuinak atsegin ditut, gure egoteko eta bizitzeko modua jasotzen dutenak", adierazi du. "Emakumeen zikloekin lotura duten istorioak" ere gustuko ditu, baita "natura" islatzen dutenak ere. Ipuinen bidez gorpuztutako "eredu berriak" ahotik irtenarazi, eta entzuleen begietan islatuta ikusten jarraitzeko gogoz dago Zinkunegi, "harremantzeko edota maitatzeko eredu berriak" fantasiatik harago eramateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide