Organo eta klarinete kontzertua izango da elizan larunbatean

Karkara 2019ko urr. 3a, 13:00

Parrokiak eta Udalak antolatuta, organo eta klarinete kontzertua izango da elizan, 18:45ean hasita.

Datorren larunbatean, urriak 5, organo eta klarinete kontzertua izango da, San Nikolas elizan, parrokiak eta Udalak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kontzertua 18:45ean hasiko da, meza ondoren.

Luis San Sebastian eta  Fernando Gonzalo

Luis San Sebastian Magisteritza ikasketak egin ondoren, ikastolako irakasle izan zen, klarinetea ikasten hasi zen arte, Zaragozan, Bordelen eta Parisen. Donostiako Banda Sinfonikoan klarinete-irakasle plaza lortu zuen ondoren. Gaur egun, Donostiako “Frantzisko Escudero” Musika Eskolan irakasten du.

Donostian jaio zen Fernando Gonzalo organo-jotzailea eta Valentziako unibertsitatean eskuratu zuen Zientzia Kimikoetako lizentziatura eta pianoan goi-mailako titulua, hango Musika Eskolan. Donostiara itzulita, organoko goi-mailako titulua lortu zuen, eta baita klabezinean maila profesionalekoa ere.

Espainian, Frantzian, Italian, Suitzan, Polonian, AEBn eta Kolonbian eman izan ditu organo-kontzertuak. Jarduera pedagogiko handia betetzen du Bigarren Hezkuntzako ikasleei organoen eraikuntzari eta historiari buruzko adierazpen didaktikoak eginez.

Dozenatik gora musika-lan eginak ditu organorako nahiz organoa eta beste instrumentu batzuetarako.

 
 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide