PAPEREKOA

10 urte argiztatuz

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko urr. 3a, 15:00

2008an ospatu ziren lehenengoz Gazte Festak. Urte onak eta zailak tarteko, hamargarren aldiz jai giroan murgilduko dira pasa den asteburuan, 10 urte argiztatuz lelopean. Horren arira erreportaje hau argitaratu da KARKARAren 409. aldizkarian

Uztailaren 2an hamar urte beteko dira herriko hainbat gaztek Etxeluze eraikina okupatu eta gaztetxe bihurtu zutenetik. Proiektu ororen atzean beti daude pertsonak, eta Etxeluzeren atzean, ere, bada eraikina aurrera ateratzeko gogoz, urteak lanean daramatzan herritar gazte talde bat.

2010.urtean, hutsik zegoen Etxeluze eraikina okupatu zuten OKK Gazte Asanbladak, kultur taldeek eta Orioko herritarrek. Orduz geroztik, herritar talde ezberdinek bultzatutako bilkura eta ekitaldiak egin dituzte. Etxeluzeri erabilpena ematen zioten taldeen presioaren ondorioz, 2012ko abenduaren 26an, Orioko Udalak eraikina erosteko erabakia hartu zuen.

Nahiz eta Etxeluze Proiektuko kideek hainbat obra eta egokitzapen egin, eraikinaren egoera oso prekarioa zen, eta udal gobernuak martxan jarri zuen obra, eraikina baldintza egokietan uzteko. Horrek bultzatuta, 2012ko ekainean Etxeluze proiektuko kide ziren talde eta norbanako ezberdinek, Berkolike Kultur Elkartea sortu zuten, proiektua administratiboki Erregistroan erroldatuta egoteko.

Bide luzea

Udalak eraikinean egindako lanek markatu zuten hainbat urteetan gaztetxeko asanbladak izandako eboluzioa eta erritmoa. Bi fase izan zituzten lanek: 2015 amaieran hasi zen lehena, teilatuaren konponketarekin, eta urtebete ingurura, bigarrena. Paretak, argindarra eta beste hainbat egokitzapen egin ziren fase horretan.

Etxeluzeren konponketak, indartu egin zuen gazte asanblada. Gazte Festak berreskuratzean antolakuntzan aritu ziren gazte asko asanbladan parte hartzera animatu ziren, eta horrek eragin handia izan zuen Etxeluzen, bertako kideen arabera.

Lorez beteriko bidea badirudi ere, hamar urteotan, sarritan, ez da hain erraza izan Etxeluzeko kideentzat proiektua aurrera ateratzea. Gazte asanblada indartu egin zen urte hartan, bai, baina orduz geroztik bere horretan mantendu dela aitortu dute kideek. Aurpegi berri gutxi gehitu dira azken urteotan taldera.

Hori da asanbladaren erronketako bat datozen hilabeteetara begira: jende berria taldera gehitu eta elkarrekin ekintza berriak antolatzea. Bilerak astero izaten dira, astearteetan, 19:30ean, Etxeluzen.

Indarrean berriz

Gazte Festek ere bizi izan dituzte beren urte onak, eta baita ilunagoak ere. Azken bi urteetan, esaterako, egun bateko festa soilik izan da herriko gazteen jaia, hein handi batean antolaketarako boluntario faltak eraginda.

Horrela, aurten, Gazte Festak ez egiteko erabakia hartu zen. Azkenean, ordea, gazte talde bat elkartu eta bilerak antolatzen hasi ziren. Gazte Festetako batzordea gustura dago aurten lortutakoarekin: Boluntario ugari bildu da aurten, adin eta kuadrilla ezberdinetakoak, eta lanerako gogo askorekin, gainera.

Festen jatorriaz gogoratu dira batzordekideak aurten: Gazte Festak, gaztetxea okupatzeko gazte mugimendu gisa sortu ziren hasiera batean, eta herriko belaunaldi desberdinak biltzeko izan zuten arrakasta ikusita, urtero antolatu izan dira festak. Urte luzez, ordea, antolaketa lan guztia gutxi batzuen esku geratu izan da. Aurten, jendearen lanerako gogoa ikusita, egitaraua hiru egunetara luzatu da.

Irailaren 27tik, gaurtik, 29ra, igandera izango dira aurten, 10. Gazte Festak. Eta urtero bezala, jaian parte hartzera animatu dituzte oriotarrak. Ohiturei jarraituz, Piraten Danborrada egingo dute aurten ere, gaur gauean 21:00ean. Jarraian, Rukula taldeak kontzertua eskainiko du, moilan, lehen txosnak jartzen ziren eremuan (Aterpe parean).

Bihar, Paella Lehiaketa antolatu dute eguerdi parterako. Antolatzaileek zehaztu dute kontsumo ekologikoa eta beganoa bultzatu nahi dutela, horregatik, lehiaketan beganoak diren paellak soilik puntuatuko dituzte. Jarraian, Hemenbaen Orioko Batukada talde berriak girotuko du herria kalez kale, eta tartean jolasak ere izango dira. Gauean, Unidad Alavesa taldeak kontzertua eskainiko du Etxeluzen. Eta Manuela ahizpek emango diote jarraipena festari.

Azken urteotan lehenengo aldiz, festa iganderaino luzatuko da. Goizaldean diana zaratatsua ibiliko da herrian barrena, eta arratsalde partean, asteburuan jaian parte hartu dutenek bidalitako argazkien emanaldia egingo da, Etxeluzen.

Festen ildotik konpromisoak

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte gaztetxean, eta festa ereduaren inguruan eztabaidatu eta hausnartu dute. Ezer antolatzen hasi aurretik, nolako festak nahi ditugun zehaztu dugu, eta hainbat lan lerro jorratzeko konpromisoa hartu dugu, azaldu dute. Adostu dituzten konpromisoak dira: Gazte Festetan euskararen presentzia bermatzea, hondakinak gaika biltzea eta ahalik eta plastiko gutxien kontsumitzea, festen barruan ahalik eta kontsumo arduratsuena izatea bertako produktuak eta ekologikoak erabiliz, ikuspegi feminista duten jaiak izatea eta protokolo bat zehaztea.

Antolatzaileek gogorarazi dute jaiak eta kaleak guztionak direla eta aurtengo Gazte Festetan ere, ez dela onartuko eraso sexista, lesbofobo, gayfobo, transfobo ez arrazistarik. Horrela, edozein erasoren aurrean, Xaltxerak taldearekin landu eta zehaztu dugun protokoloa martxan jarriko dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide