PAPEREKOA

Ori(x)o

Onintza Lete 2019ko urr. 1a, 15:30

Onintza Leteren iritzia, KARKARA-ren 409. zenbakiko 'Nire honetan? atalean.

Asteburuan kanpinera joatekoak gara Azkoiti- Azpeiti aldeko seifamilia. Jatorrak gara, berezi samarrak ere bai: batek kale egin du perretxiko denboraldia kilikagarriagoa zaiolako; beste bat erditzear dago, eta ospitalerako kit eta guzti joango da furgonetan; beste batzuek, berriz, pentsio ziztrina aukeratu dute, lagunekin bungalowa ez partekatzearren.

Garagardo eta garagardo artean, denetariko gaiez mintzatuko gara Errioxako gau hotzetan. Nik aitortuko diet ulertzen hasia naizela Orixon dagoen arraun-zaletasuna.
Talde garrasiaren ondoren, ea ondo nagoen hasiko zaizkit, ea hain azkar alienatu naizen. Saiatuko naiz azaltzen aurreko asteetan bihotz-sabeletan sentitu dudana.
Nola ez nintzen gai izan azken errezibimendura joateko, barrua emozioz bete-betea neukalako. Nola astebete lehenago Kontxan, arranplan, mutilek irabazi ez izanak sekulako pena eman zidan; nola, era berean, poztu nintzen elastiko berdedunengatik, kankailu hura ikusi nuenean adineko gurasoei besarkatuta jendetzaren erdian, hirurak negarrez.

Nola errezibimenduan neskek uste ez nuen indarra eman zidaten, uste ez bezala harro sentiarazi ninduten Oriogatik. Ez ditut konbentzituko. Baina nire barruan aldatu da zerbait, eta Gaztañazpiri ere, beste era batera entzuten diot orain.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide