Egungo gizarte kapitalistaren zutabeetako bat da energia. Engranaje erraldoia osatzen duen beste hortzetako bat. Eta gu, gizakiok, gurpilak biratzeko behar duen ardatza. Akaso horregatik hitz egin ohi dugu, bizitzak erdigunean jartzeak duen garrantziaz. Kontziente izan gaitezen, gure eguneroko hautuek geldiezina dirudien hori eten dezaketela. Pertsonala politikoa baita.
Inoiz pentsatu al duzu nondik datorren Netflixeko edukiak irensteko ezinbestekoa duzun routerra esna mantentzen duen argi-indarra? Akaso ulertzen al duzu hilero bidaltzen dizuten faktura?
Orain dela gutxi arte, energiaren komertzializazioa gutxi batzuen eskutan zegoen, eta ikatza bukatu arteko bakerik ez zutela zirudien. Baina gauzak aldatzen ari dira, Europako politikak lepoa estutu ahala trabak desagertzen doaz eta mundu hau aldatu nahi duenik bada oraindik. Horren adibide dira, Som Energia (KAT) eta Goiener (EH) gisako energia kooperatibak, edota I-Ener (EH) bezalako mugimenduak. Energia herritarrongana hurbiltzen dihardute, jasangarritasuna ardatz. Kontsumitzaileei, jatorri berriztagarriko
elektrizitatea eskaintzen diete, irabazitakoa, sorkuntza jasangarriko proiektuetara bideratuaz. Energia gure egin dezagun.
Eta zuk, energia berdea kontsumitzen duzu? Uxatu nagiak eta hasi erabakitzen.