GAZTE FESTAK

Urteurrenean, danborrada aldarrikatzailea

Karkara 2019ko ira. 27a, 23:08

10. Gazte Festei hasiera emateko danborrada egin dute Gaztetxetik abiatu eta herrigunera, eta ibilbidean zehar hainbat kaleren izenak aldatu dituzte, eskaileretara igota.

Abiatu dira 10. Gazte Festak, ohiko danborradarekin. Pirataz jantzita, dozenaka gazte atera da danbor jotzen, Gaztetxetik, 21:30ean puntuan. Aurreneko geldialdia Kabi tabernaren parean egin dute, Endaia plazan.

Herri indigenen aldeko eta konkistatzaileen kontrako diskurtso bat irakurri ondoren, gazte batek eskailerara igo eta Endaia plaza zioen plaka kendu du, haren partez beste bat jartzeko: Sorgin plaza.

Ibilbidean zehar, beste lau kaleri aldatu diote izena: Almirante Oa-ri Gaupasero kalea jarri diote; Aritzaga kaleari, Euskara kalea; Antxiola kaleari Inude kalea; eta, azkenik, Urdaire kaleari, Kixkurne kalea.

Festak bihar, larunbata, jarraituko du.

EGITARAUA

Irailak 28, larunbata


12:00. Paella lehiaketaren hasiera, Etxeluze gaztetxearen kanpoaldean. Kamisetak ordu horretan banatuko dituzte.
14:00. Paellak aurkeztuko dituzte lehiaketako parte hartzaileek. Aurkeztu ahal izateko, paellak beganoa izan beharko du. Gero, presoen aldeko argazkia aterako dute.
Jarraian, Hemenbauen batukada arituko da herriko kaleetan barrena. Tartean, jolasak izango dira.
Goizaldean, diana.

Irailak 29, igandea


18:00. Argazki emanaldia, Etxeluze gaztetxean. Herriko gazteek asteburuan zehar atera eta bidali dituzten argazkiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Parte hartu nahi dutenek, 650-31 78 95 telefono zenbakira bidali ditzakete argazkiak, Whatsapp bidez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide