Diasporatik 'brexit'-ari begira

Karkara 2019ko ira. 26a, 13:00

Diasporatik 'brexit'-ari begira erreportajea argitaratu du Berria egunkariak, eta bertan Euskal Herrian bizi diren ingeles eta eskoziar zenbaiten sentipena jaso du brexit-aren inguruan. Horien artean, hamarkadatan Aian bizi izan den Pat Cowie (Portgordon, Eskozia).

Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko data jarria dago: urriaren 31. Egun horretarako espero da brexit-a gauzatzea. Baina urriaren amaieratik aurrera gertatuko dena idatzi gabe dago. Euskal Herrian bizi diren zenbait ingeles eta eskoziarren artean zalantza da nagusi. Hedabideetatik jarraitzen diote euren jatorrizko herrian gertatzen denari; oro har, segurtasun falta sentitzen dute. Kezkatuta daude, inork ez dakielako ziur zer gertatuko den. Brexit-aren baldintzen berri izanda, berriz bozkatzearen aldekoak dira gehienak. Hala ere, gertatzen dena gertatzen dela, espero dute konponbideren bat egongo dela eta Euskal Herrian bizitzen jarraitu ahalko dutela. Europar gisa lasai etorri ziren Euskal Herrira, eta baliteke egun batzuen buruan haien egoera erabat aldatzea.

1. PAT COWIE Portgordon (Eskozia)

«'Brexit'-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu»

Euskal Herritik begiratuta, brexit-a «antzerki bat» dela uste du Pat Cowiek. 32 urte daramatza Gipuzkoan bizitzen; egun, Zarautzen bizi da, eta ingeleseko irakasle izan da hamabost urtez. Eskozia iparraldeko Portgordon herrian jaio zen; 39 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira, senarrarekin.

Gehienbat pentsioek arduratzen dute Cowie. «Brexit-a gauzatuz gero, pentsiodunok eragin latzak izan ditzakegu». Brexit-a gauzatuz gero, Europako herrialdeen artean duten akordio hori hautsi eta kolokan geldituko da beraien egoera.

Azpimarratu du brexit-ak eragin nabarmena izango duela Erresuma Batuko merkataritzan, industrian, osasun sisteman eta hezkuntza sisteman ere. «Legeak, normak edo tasak aldatzeak herrialdeen arteko akordioak aldatzea ere ekarriko du». Horrekin lotuta, Erresuma Batuan kanpotik joandako langile asko dagoela ohartarazi du Cowiek: «Are gehiago Eskozian». Egoera berezia da eskoziarrena, bi alde baitituzte. «Ikusi beharko da brexit-a gauzatuz gero Eskoziak bigarren erreferenduma egiteko eskatzen duen», esan du Cowiek. Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan konplexua da egoera, eta, dioenez, «hau hasiera baino ez da izango; gero gai denak eztabaidatu beharko dira parlamentuan».

Bestalde, Cowiek uste du brexit-ak herrialdeko agintarien denbora gehiegi bereganatu duela. «Gai garrantzitsu asko alboratu eta gerorako utzi dituzte». Ez du inoiz planteatu sorterrira itzultzea, baina badaki hurrengo asteetan bere egoera alda litekeela: «Brexit-a aurrera ateraz gero, Espainiako nazionalitatea eskatzea planteatu beharko dut hemen bizitzeko». 2.» 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide