"Emaginaren lanak indar handia du Erresuma Batuan"

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko ira. 20a, 10:30

Erizaintzako Gradua amaitu zuenean Oxfordera joan zen oriotarra. Emagina izateko bi urteko espezializazio ikasketak gauzatu ditu bertan eta lanean dabil orain.

2014an Erizaintzako Gradua bukatzearekin batera Erresuma Batura joan zen Maddi Esnaola (Orio, 1991) emagina, bi urteko espezializazioa ikastera. Ikastea eta esperientzia berri bat bizitzea helburu hartuta, bost urte daramatza Oxforden lanean.

Noiz ohartu zinen emagina izan nahi zenuela?
Graduko praktikak amatasunaren alorrean egin nituen. Eta argi ikusi nuen gustuko dudan esparru bat dela.

Zer arrazoik eraman zintuen espezializazio ikasketak Oxforden egitera?
Ikasketen aldetik ez dago ezberdintasun handirik han eta hemen, bi urteko espezializazioa izaten da. Oxforden, ordea, gure lana asko zentratzen da emakumearengan, eta emaginaren figurak indar handia du. Ez da hemen bezala, medikuak duela agintea.

2014an joan zinen ikastera eta han jarraitzen duzu lanean.
Ikasketak bukatzeko helburuarekin joan nintzen eta egia da uste baino gehiago geratu naizela. Orain, ordea, lortu dut nahi nuena. Esperientzia hartzen ari naiz, segurtasuna irabazi dut lanean eta laster etxera itzuliko naiz. Oso gustura egon naiz Oxforden, baina ez da nire tokia.

Ezjakintasun handia dago emaginaren irudiaren inguruan. Zein da egiten duzuen lana?
Emaginaren lana emakumea zaintzea da, nerabezaroan hasi eta klimaterioa deritzon etapara iritsi arte. Prozesu luze horretan emakume orok informazioa behar du, heziketa. Ni Oxforden gehien bat haurdunaldiaren etapan jardun naiz.

Haurdunaldian hasi eta erditzerainoko laguntza ematen duzu, beraz?
Hori da. Haurdunaldian erditzeko unerako prestakuntzan laguntzen dut, prozesu guztian emakumearen alboan egoten naiz, behar duen informazioa ematen. Eta erditzea aurrera eramatea ere nire lana izaten da.

Erresuma Batuan medikuek ez dute parte hartzen erditzean?
Normalean ez. Emaginaren lana izaten da. Emakumea kontrakzioekin hasten den momentutik laguntzen dugu, amaierara arte. Emaginak autonomia handia du Erresuma Batuan. Prozesuan zailtasun larriren bat dagoenean soilik deitzen diogu medikuari.

Gogorra al da emagin batentzat erditzeko momentua?
Zirrara handiko unea da. Erditze guztiak dira ezberdinak, batzuk oso politak izaten dira, asko hunkitzen naute. Zailtasunak daudenean, ordea, oso gogorra izaten da niretzat. Baina beti ikasten dut zerbait berria eta gainera esker oneko erantzuna jasotzen dugu beti. Asko baloratzen dute gure lana.

Beldurra sorrarazten dizu Euskal Herrira itzuli eta zure lanaz duzun irudia hausteak?
Bai. Asko gustatzen zait nire laneko egunerokotasuna. Iruditzen zait Oxforden dudan autonomia hemen ez dudala izango. Baina dena da jarrera kontua. Ikusi eta ikasi egin behar dut hemen nola funtzionatzen duen denak eta egoera berrira moldatu beharko dut.

Oso desberdina da lan egiteko modua?
Euskal Herrian, adibidez, erizainaren lana izaten da erditze ondorena eta Erresuma Batuan guri dagokigu. Oso garrantzitsua da emakumearen etapa hori. Babes handia behar du, zailtasunak egon daitezke, erditze ondorengo depresioa kasu. Eta erditzean ere medikuak du hemen lehen eta azken hitza.

Emakumeei ematen zaizkien erditzeko aukerak antzekoak dira?
Erresuma Batuan aukera asko daude. Emakume askok etxean erditzen dute, bi emagin joaten gara bertara eta osasun publikoaren gain geratzen da. Zailtasunen bat egonez gero, ospitalera lekualdatzen da. Baina gehienetan dena ondo joaten da.

Emakumearentzat positiboa da etxean erditu ahal izatea?
Oso positiboa. Ama lasaiago egoten da etxean, eta erosotasunean errazagoa da erditzeko unea. Emaginak, gainera, horretarako gaude formatuta nahiz eta hemen beldur handia eta aurreiritzi asko dauden horren inguruan.

Euskal Herrian emaginari duen garrantzia emandakoan, uste duzu etxean erditzea aukeratako bat izango dela?
Bai. Formakuntza behar da horretarako. Eta emakumeari aukera hori eskaini, gero berak erabaki dezan. Alde horretatik, ordea, Osasun Publikoak ez du erraztasunik ematen. Etxean erditzeko bide bakarra pribatutik egitea da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide