Korrontzi taldearen kontzertuak itxiko du ‘Ziaboga’ musika-zikloa igandean

Karkara 2019ko abu. 20a, 13:55

19:30etik aurrera izango da kontzertua Herriko Plazan

Datorren abuztuaren 25ean, igandearekin, Korrontzi taldeak kontzertua eskainiko du Herriko Plazan, 19:30etik aurrera, Udalak eta Enbor Akzio Kulturalak elkarrekin antolatutako 'Ziaboga' musika-zikloaren barruan.

Korrontzi taldea

Korrontzi (Euskal Herria, 2004) folk musika taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen. Bere helburua, banda osatzean, euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea zen, betiere trikiti-musikan oinarritutako ikuspuntu batetik, horrekin batera txalaparta edo alboka bezalako beste instrumentu tradizional batzuk ardatz hartuta eta bere lehen maisuak, Rufino Arrola trikitilariak (1909 – 1996), helarazi zion tradizio guztiarekiko erabateko errespetua inoiz ahaztu gabe. Sonoritate berri hori lortzeko, musika estilo modernoagoez inguratu eta, besteak beste, mandolina, baxu elektriko, kontrabaxu edo perkusioen laguntza izan zuen.

Laburbilduz, Korrontzi inor axolagabe uzten ez duen euskal musika talde bat da, kultura oso bateko erakusleiho bat, beren zuzenekoen indarra eta energiarekin antzinateko soinuak eta dantzak edo folkaren joera berriak transmititzen dituena. Korrontzi euskal musika eta dantza tradizionalaren jai bat da, abangoardiako ikuspuntu batekin.

Ikusi bideo bat hemen: https://www.youtube.com/watch?v=FOpv6jx-MRg

Info +: http://www.korrontzi.net

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide