Castrelo Do Miñoko uretan izan dira Orioko arraunlariak, Espainiako Outriggers Txapelketan

Karkara 2019ko uzt. 15a, 17:01

Espainiako estatuko 73 arraun elkartek hartu dute parte aurtengo Espainiako Outriggers Txapelketan. Hiru kategoria bereiztu dituzte; alebinena, infantilena eta beteranoena. Bertan izan dira Orioko hainbat arraunlari, eta guztira, bi zilarrezko domina etxeratu dituzte.

Iragan asteburuan jokatu dute arraunketa olinpikoko Espainiako Outriggers Txapelketa, Castrelo Do Miñon (Ourense). Espainiako estatuko 73 arraunlari elkartek hartu dute parte aurtengo lehian; tartean, Orio Arraunketa Elkarteak. Sei ontzi aurkeztu ditu OAEk, eta Berdin-berdinak taldeko hiru ontzi ere aritu dira Castrelo Do Miñoko uretan.

Hiru kategoria bereiztu dituzte Espainiako Outriggers Txapelketan; hain zuzen, alebinena, infantilena eta beteranoena. Orioko lau ontzi izan ziren infantilen norgehiagokan, bat alebinenean eta beste bat beteranoenean. Hain zuzen, ondorengo arraunlariek hartu zuten parte:

  • Alebinak (neskak): Naroa Manterola eta Edith Goenaga
  • Infantilak (neskak), A ontzia: Ainhoa Garcia eta Haizea Gozategi
  • Infantilak (neskak), B ontzia: Irati Garrido eta Maren Tapia
  • Infantilak (mutilak), A ontzia: Oier Ikatzeta eta Ugaitz Astigarraga
  • Infantilak (mutilak), B ontzia: Aimar Arruti eta Aratz Salsamendi
  • Beteranoak (mutilak), A ontzia: Javier Puertas eta Dioniso Redondo

Seitik lau, finalera

OAEko sei ontzietatik lauk lortu zuten finalerako txartela; alebin neskek, infantil mutilen A zein B ontziek eta beteranoek. Hala, guztira bi domina etxeratzea lortu zuten: infantil mutilen kategorian Iktatzetak eta Astigarragak lortu zuten zilarrezko domina jaztea, eta beteranoen kategorian, Puertasek eta Redondok sari berdina eskuratu zuten. Seigarren egin zuten Arrutik eta Salsamendik; Manterolak eta Goenagak, aldiz, zazpigarren.

Berdin-berdinak taldeko kideei dagokienez, zazpi arraunlarik jokatu zituzten estropadak, eta garaikur bana jaso zuten txapelketa amaitzean.

Irudiak: Aupa Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide