Ostiralean hasiko dira Orioko San Pedro jaiak. Egitarauaren barruan, sanpedroetako pilota jaialdia izango da larunbatean, Orioko pilotalekuan. 17:00etan hasiko dira partidak.
Haurren eskuz binakako finalak jokatuko dituzte lehenengo. Benjamin mistoak hasiko dira; gero, benjamin mutilen txanda izango da; jarraian, alebin neskak arituko dira; eta azkenik, alebin mutilak. Hain zuzen, ondorengoak izango dira lau finalak:
- Benjamin mistoa: Izagirre-Frias - Ortiz-Erguin
- Benjamin mutilak: Amilibia-Iriondo - Uranga-San Sebastian
- Alebin neskak: Arruti-Beldarrain - Orbañanos-Recio
- Alebin mutilak: Sarasola-Sukia - Prignot-San Sebastian
Gazteenen norgehiagoken ostean, Euskal Herriko emakume nagusi onenen esku-pilota partida jokatuko dute. Hain zuzen, Bidaniako Larrartek eta Aginagako Arrillagak jantziko dute kolore gorria, eta Gasteizko Garaiekin eta Andoaingo Mendizabalekin neurtuko dituzte indarrak.
Azkenik, gizonezkoen sanpedroetako gomazko paleta txapelketa herrikoaren finala izango da Orioko pilotalekuan. Lizaso eta Contreras arituko dira gorriz, eta urdinez, Lertxundi eta Iribar.
Bestalde, pilota jaialdiaren barruan, euskal produktuz osatutako saski bat zozkatuko dute ikusleen artean.