Herriko sorginak prest daude suaren inguruan dantza egiteko

Karkara 2019ko eka. 18a, 09:04

Ekainaren 23an, igandearekin San Joan gaua ospatuko dute herriko sorginek kalejiran.

Urteko egunik luzeena. Udako solstizioa. Sua. Sorginak. Akelarrea. Izpiritu txarrak uxatu eta solstizio berria osasuntsu hasteko erritua da sua piztearena. Ekainaren 23ko iluntzean egiten da, San Joan bezperan; datorren igandean, alegia.

Tradizioari jarraiki, Orion ere suaren inguruan dantza egingo dute 90 bat haur eta gaztetxoek Harribil Dantza Taldearekin batera. Herriko sorginek Orioko kaleak hartuko dituzte ekainaren 23an igandearekin. Sorgin taldea kosta tailerretik aterako da  21:30ean, eta herrian barrena kalejira egin ondoren, dantza emanaldia eskainiko du, suaren inguruan, Ikastola aurreko plazan.

Gau berezia izaten da igandekoa, suaren inguruan biltzen direnentzat, gehienbat. Haurrak, Harribil Dantza Taldeko "dantzari handiekin" dantzatzeko aukera izaten dute. Hilabetez jarduten dira buru belarri entseguetan, astelehen eta ostegunetan, ordu betez.

Atzo, sorginen entsegura gerturatu ginen, eta igandean parte hartuko duten haurrekin hizketan jardun ginen. Zergatik gustatzen zaizue San Joan gauean dantza egitea? Horixe izan zen lehenengo galdera, belakoan altxa zituzten eskuak erantzuteko irriketan. Denetariko erantzunak bota zituzten, halaxe zion 7 urteko haur batek: "Niri asko gustatzen zait mozorrotzea, eta baita ere gauez kalean ibiltzea". Garai bateko sorginen antzera "parranda" egiteko aukera ikusten dute nonbait San Joan Gauean. Beste askok gau honen momentu espezialena Harribileko kideekin dantza egitea dela diote, erreferente gisa ikusten dituzte. Beste batzuk ordea, dantza egitea gustuko dutelako edo San Joan gauarekin "udari hasiera" ematen diotelako. 

Adin desberdinetako jendea elkartzen da ekitaldi honetan, txikienetik hasi –6 urte– eta zaharrenera –25 urte – arte. Kamiseta beltza, baserritar gona zaharra, abarkak...  Haur askok, berriz, ilea "kardatzea" edo "zikin itxura" ematea dute gustuko, aurpegian maskara bat margotzearekin batera.

Parte hartzen dutenak ilusio handiz jarduten dira suaren inguruan, urtez urte, txinparta itzal ez dadin. Geroz eta jende gutxiago animatzen da egun batez sorgin izatera, ordea. Txinparta indarra galduz joan da. Hala ere, aurten kalejiran dantza, oihu eta irri artean ibiliko diren haurrak eta Harribil Dantza Taldeak, ez dirudi txinparta inoiz itzaltzen utziko dutenik. 

 

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide