Aurki izango dira Anibarko Portuko Jaiak, eta egitarauaren barruan, 3x3 Futbol Txapelketa antolatu dute gazteenentzat. Antolatzaileen arabera, gehienez 12 taldek hartuko dute parte, eta ekainaren 21ean zein 22an izango dira partidak.
Hiru kategoriatan banatuko dituzte taldeak, parte hartzaileen adinaren arabera: 2010-2011 urteetan jaiotakoek osatuko dute lehenengo multzoa, 2008-2009 urteetan jaiotakoek bigarrena, eta 2006-2007 urtean jaiotakoek hirugarrena.
Hala, lehenengo multzokoek ekainaren 21ean, ostirala, jokatuko dituzte norgehiagokak, 18:00etatik aurrera. Bigarren multzokoen txanda ekainaren 22an, larunbata, izango da, 10:30etik aurrera. Hirugarren multzokoak, aldiz, 12:00etatik aurrera arituko dira. Egun horretan izango dira semifinalak eta finalak, 17:00etan.
Izen-ematea irekita
Txapelketan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, ekainaren 21era arte. Interesa dutenek Anibarko Portuko Kaiua tabernara bertaratu beharko dute izen-ematea egitera, eta doakoa izango da.