Joseba Altunak irabazi du Gipuzkoako Pala Egokituko Liga

Karkara 2019ko eka. 3a, 12:45

Liga urdineko finala irabazi du Joseba Altuna oriotarrak, Jurdan Arakistainekin bikotea osatuta.

Larunbatean, pilota egokituaz gozatzeko aukera izan zen Andoainen. Jolas, erakustaldi eta erronkez gain hainbat txapelketatako finalak jokatu ziren Pala Egokituko Gipuzkoako Txapelketari amaiera emateko. Adimen urritasuna duten 12 kirolari ibili dira nor baino nor aurten, eta gurpildun aulkian dauden sei. Larunbatean, lehen finala Xabier Olaziregi eta Lorea Iribarrek jokatu zuten elkarren aurka, segidan, Liga gorrian aritu ziren biak, Olaziregi Iñaki Divasson bikote zuela eta Iribarrek berriz, Xabier Villar. 

Joseba Altunaren txanda izan zen gero, liga urdineko finalean, Jurdan Arakistain zestoarra bikote zuela 18-9 tantoko markagailuarekin gailendu zen Haritz Lertxundi eta Iraitz Huegunen aurka. Joseba Altunak KARKARAri egindako adierazpenen arabera, partida "oso polita" izan zen: "Momentu batean galtzen ere joan ginen, gero berdinketa lortu genuen. Sentitu genuen amorruari esker indarra atera eta azkenenean garaipena lortu genuen".

Ospakizunak ere ez ziren falta izan Altunaren esanetan: "Zestoako txaranga etorri zen gurekin garaipena ospatzera. Gero, herrira etorri nintzen txapela eta kopa gainean nituela, oriotar askok zoriondu ninduten".

 

 


 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide