Joseba Altunak jokatuko du Gipuzkoako Pala Egokituko finalean, bihar

Karkara 2019ko mai. 31a, 19:15

Liga urdineko finalerako sailkatzea lortu du Joseba Altuna oriotarrak, Jurdan Arakistainekin bikotea osatuta. Bihar Andoainen jokatuko dute azken norgehiagoka, eta Haritz Lertxundirekin eta Iraitz Huegunekin neurtuko dituzte indarrak.

Pilota Egokituaz gozatzeko aukera izango da bihar arratsaldean Andoainen. Bertan, jolas, erakustaldi eta erronkaz gain, hainbat txapelketatako finalak izango dira ikusgai, 18:00etatik aurrera. Lehenik, adimen urritasuneko palako txapelketako bi finalak jokatuko dituzte, eta ondoren, gurpil aulkiko palakoa.

Adimen urritasuna duten kirolarien lehen finalean jokatuko dute Xabier Olaziregik eta Lorea Iribarrek, elkarren aurka. Liga gorrian aritu dira, eta Olaziregik Iñaki Divasson izango du bikote modura; Iribarrek, aldiz, Xabier Villar. Ondoren, liga urdineko finala izango da, eta bertan parte hartuko du Joseba Altuna oriotarrak, Jurdan Arakistain zestoarrarekin batera. Haritz Lertxundirekin eta Iraitz Huegunekin neurtuko dituzte indarrak. Amaitzeko, gurpil aulkian daudenen finala izango da. Hala, Hilario Olanok eta Beñat Lizasok Joseba Lasa eta Aingeru Senperena izango dituzte aurkari.

Bihar amaituko da Pala Egokituko Gipuzkoako Txapelketa. Aurten, adimen urritasuna duten 12 kirolari ibili dira nor baino nor, eta gurpildun aulkian dauden sei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide