Ekainaren 22an hasiko dira arrauneko Eusko Label eta Euskotren Ligak. Orain arte, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioek hartu dute beren gain epaileen zerbitzuaren kudeaketa. Dena den, Traineru Kluben Elkarteak eta Arraunketako Euskal Federakundeak hitzarmen berria sinatu dute, eta horren arabera, hemendik aurrera federazioa arduratuko da zerbitzua kudeatzeaz. "Hemendik aurrera, lehiaketaren egonkortasuna bermatzeko federazioak izango du eskumena, eta horrela, epaileen koordinazioaren eraginkortasunaren maila hobetzen lagunduko du", azaldu du TKEk.
Borja Rodrigo TKEko presidentearen arabera, akordioak "Eusko Label Ligak zein Euskotren Ligak lurraldeko epaile onenak izatea bermatuko du, estropadak baldintza onenetan lehiatu ahal izateko". Bestalde, TKE eta AEFren arteko "sintonia ona" aipatu du Rodrigok: "Harreman onak asko lagunduko die bi aldeei etorkizunera begira bide gehiago irekitzeko".