(Argazkiak: Talai Mendi elkartea)
Atzo arratsaldean abiatu zuen Talai Mendi elkarteak Kukuarri Astea. 17.00etan dozena bat lagun elkartu ziren plazan bizikletaz Motondora joan eta eremua garbitzeko. Eskularruak banatu zituzten antolatzaileek parte-hartzaileen artean, eta inguruan aurkitu zuten zaborra bildu zuten: "gehienak ontzi arinak izan ziren, baina 3 pixoihal eta besaulki bat ere jaso genituen gure harridurarako", azaldu dute Talai Mendi elkarteko kideek.
Jarduera horrekin Talai Mendik kontzientzia sortu nahi du oriotarren artean: "azaldu nahi dugu mendira edo edozein natur guneetara joaten garenean zaborra ez dela lurrera bota behar, natura zaindu behar dugula alegia!"
Gaur arratsaldean Slackline-a jarriko du herriko plazan mendi elkarteak eta oreka lantzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.