Pasa den ostiralean, maiatzak 17, udal hauteskundeei begirako ekitaldia egin zuten Orioko EH Bilduko kideek. Hauteskunde-programa aurkeztu zieten bertaratu ziren oriotarrei, eta bertan landutako proposamen zehatzen berri eman zuten. Hala, gizarte ongizatea eta kultura izan zituzten hizpide, besteak beste.
EH Bildurentzat gizarte ongizatea "lehentasunezko arloa" dela azaldu dute koalizioko kideek. "Behin beharrak identifikatuta", "herritar guztien beharrei erantzungo dieten gizarte ekimenak" martxan jarriko dituztela diote, "koordinazioa eta prebentzioa" ardatz hartuta. Orioko Udalak abiatutako gizarte zerbitzuek "ahalik eta ireki eta gardenen izan daitezen" lan egiteko asmoa ere agertu dute. "Guztion ongizatea bermatzeko egingo dugu lan. Zerbitzu publikoa indartu, murrizketak ekidin eta gizarte zerbitzuak ahalik eta baloiabide gehienez hornituko ditugu", diote EH Bilduko kideek. Horretarako, "gizarte esparruan diharduten erakunde eta eragile sozialekin" sustatu nahi dute "koordinazio egonkorra eta gizarte partaidetza".
Bestalde, kulturari dagokionez, "izan zirenen eta izango garenaren lokarri" modura ulertzen dutela azaldu dute. "Aniztasunetik herri kultura babestu eta sustatzea izango dugu helburu", diote: "Herritarren elkarbizitzaren erdigunera ekarriko dugu". Oriotarren "kultur ondarea ezagutarazteko eta berreskuratzeko prozesuan eragiteko" asmoa adierazi du EH Bilduk. Oriok "herriko eragileekin partekatutako kultur sorkuntza eta eskaintza uztartuko dituen programa behar" duela iritzi dute, eta hala, kultur mahaia "berreskuratzeko" helburua zehaztu dute.