Amaitu den agintaldiaren zer balantze egingo zenuke?
Agintaldi honetan, EAJk sei zinegotzirekin erabaki zuen batzordeen buruzagitza guztiak eta liberazio guztiak berak betetzea. 6.000 biztanle eta zortzi milioi euroko aurrekontua duen herri batean lan asko dago egiteko, eta batzorde guztiak EAJren esku egotea ez zen erabaki zuzena izan. Azkenean, lan gutxi ikusi da.
Langileen arloan ere asko dago egiteko. Beren ustez ondo ari dira, baina tekniko bati zerbait buruan sartzen bazaio, lortu arte jarraitzen du tematuta. Liskarrak egon dira urte hauetan, eta inork ez dio arazoari aurre egin.
Bestetik, oposizioko kideok oso ondo moldatu gara. Kofradiaren gaia hartzen ari zen bidea ikusi genuenean, hiru alderdiok bildu egin ginen, eta erabakiak hartu genituen. Ematen duenez, asmatu egin genuen. Ez zen EAJk ez gintuela babestu, baina zerbait arraroa bazegoen atzean. Udalaren barruan "prebarikazioa" bezalako hitzak entzun genituen. Guk, kezkatuta, aholkulari pribatu batengana jo genuen. EH Bilduk ere galdetu zuen, eta PSE-EEk berdin. Esan ziguten ez dutela ulertzen nola ez diegun diziplina dosierra bideratzen udaleko hainbat langileri. Hiru alderdion harremana estutu egin zen egoera horren ondorioz, eta estrategia horrekin aurrekontuak lantzen hasi ginen. Hala, emaitza politak lortu genituen. Gainera, proiektu gehiago egiteko dirua ere lortu genuen. Hori EAJk eskertu egin digu. Eskerrak eman nahi dizkiet oposizioko alderdiei, gure ustez politika egitea jarrera eraikitzailea izatea delako.
Zein izan da Orain plataformaren lana lau urte hauetan?
Bi etapa bereiztuko nituzke. Lehenengoan, Miriam Uranga izan zen bozeramailea, eta hark kargua utzi zuenean, nik hartu nuen. Miriam Urangak asko balio du, eta alkatea balitz, herriak eskertuko luke. Ni ez naiz Miriam bezalakoa; horregatik, zinegotzi izateari utzi zionean, 2-3 gai estrategiko erdian jartzea erabaki nuen: Kofradia, plazako obrak eta aurrekontuak. Ni, ordura arte, Kirol eta Obra eta Zerbitzu batzordeetan aritu nintzen, eta han zintzilik geratutakoak bultzatzen ere saiatu ginen.
Guk agintaldi honetan ez dugu lidertza izan; babestu egin dugu.
Datozen lau urteetan zein izango dira Orainen lehentasunak?
Gehiena kezkatzen gaituena udal langileen gaia da; udaleko langileak oso gaizki antolatuta daude. Udal langile publikoek legeak zehazten duen egoeran egon behar dute. Ez dugu langileen kontrako ezer egin nahi. Orioko Udalean 16 urte lanean daramatzan langile bat oraindik lanean izatea ez da onargarria, eta horrek esan nahi du oposizioen deialdia egin beharra dagoela lanpostu hori betetzeko. Guk argi dugu, baina ez dugu lortu beste taldeak konbentzitzea. Denek esaten digute arrazoi dugula, baina pausoa ematerakoan azken bultzada falta zaie, batez ere EH Bilduri. Gauzak ondo egin nahi ditugu; erabakiek langile batzuei eragingo die, baina oso gutxiri. Bestetik, Kofradiaren gaia ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Mahai inguruan garbi geratu zen zein interesek mugitzen dituen, eta beldurtuta gaude. Oraindik Kofradia egiteko dago, eta eginda ikusi nahi dugu. Hauteskundeak baino lehenago botako zutela esan ziguten, baina ez dira hasi. Lana ordainduta badago ere, Orioko Arrantzaleen Kofradiak aurreratu du diru hori.
Aukera izanez gero, itunik sinatuko al duzue EH Bildurekin edo EAJrekin?
Zintzotasunez jokatu dugu, eta ahaleginduko gara guretzat garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramaten. Horiek onartzen badituzte soilik lortuko dute gure botoa. Aurreratu dezaket edirela txorakeriak izango gure eskaerak. Nire ustez, errespetu falta izan zen mahai inguruan guri bakarrik egitea itunen galdera. Momentu honetan, zerotik hasteko gai izan beharko genuke.