Zer dela-eta animatu zara EH Bilduko alkategai aurkeztera?
EH Bilduk alkategaia eta zinegotziak proposatzeko eskatu zien koalizioko kideei. Izen mordoa atera ziren inkesta horretatik; tartean nirea, babes dezenterekin. Aitortu behar dut, nire egoera pertsonalarengatik, orain arte ez naizela udaleko ordezkari gisa aurkezteko testuinguru egokian aurkitu, baina beti izan dut herrigintzan eta udal politikan jarduteko irrika.
Azken lau urteetan, Orioko Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko kidea izan naiz, eta lehendakaria izan naiz bi urtez. Asko ikasi dut zeregin horretan. Bestetik, nire lanean ardura postuan ere badaramatzat urte batzuk, eta nire taldea errotuta dagoela sentitzen dut. Beraz, proposamenak ahaldunduta nengoenean harrapatu ninduen. Azaroan osatu genuen seikotea, eta elkar ezagutzen eta elkarrekin ikasten jardun dugu hainbat hilabetez. Ondoren, gure artean zerrendako postuak banatu genituen, eta taldearen eta etxekoen babesarekin, alkategai izateko erronka onartzea erabaki nuen.
Taldea nabarmendu duzu. Zuen kudeaketa ereduan taldeak zeresan handia izango al du?
Niretzat talde lana ezinbestekoa da. Ikastolako lehendakari izan naizenean ere, oso lehendakaritza partekatua izan da. Izan ere, nik uste dut pertsona batek ezin dituela eskumen guztiak izan, eta ardurak taldeko kideen artean banatu behar direla. Nik neuk badakit gai askotan nire taldekideak ni baino hobeak direla. Beraz, anekdotikoa izan behar du zerrendaburuaren figurak, derrigorrez norbaitek izan behar duelako aukeratzen baita. Taldea da gure balio handiena, eta horrek desberdinduko gaitu gainontzeko taldeengandik.
Agintaldi honetan herritar eta eragile bezala zer bota duzu faltan Orioko Udalean?
Ez dut bat egiten udala gidatu duen lidertza motarekin. Uste dut udalak askoz irekiagoa, herritarrengandik gertuagoa eta gardenagoa izan behar duela. Udalen kudeaketan, behetik gorako sisteman sinesten dut, udalak herritarren hitza helarazi behar baitu, eta horretan ez dute asmatu agintaldi honetan.
Beñat Solaberrieta alkate zenean, esaterako, beste lan eredu bat jorratu zuten Orioko Udalean. Mahaiak martxan jarri zituzten, eta bertan herritarrek eta eragileek parte hartu zuten. Agintaldi honetan mahaiak galdu egin dira, eta eredu inposatzailea eta teknifikatua sustatu dute. Horregatik, faltan bota dut udalak herritarren hitza kontuan hartzea. Bestetik, herriaren zutabe diren kulturgintza, euskara eta beste hainbat arlo dagokion bezala ez dituztela jorratu uste dut. 2011-2015 agintaldian udalak euskaraz funtzionatu zezan ahalegin handia egin zuen udal gobernuak, eta agintaldi honetan, atzerakada nabarmena egon da arlo horretan. Alderdi batentzat erraza da udalbatzarreko aktak edo agiriak euskaraz eskatzea, baina udaleko funtzionamendua eta harremanak euskaraz izatea askoz zailagoa da. Gu horretan saiatuko gara.
Alkatetza lortzen baduzu, zein izango dira EH Bilduren lehentasunak?
Herrian eta bailara mailan zehaztu dugun lehentasun nagusia da Gizarte Ongizate sailari buelta ematea. Gizarte Zerbitzuen inguruan parte hartzen duten erabiltzaile, kolektibo eta eragileak kontuan hartu, eta beste modu bateko gizarte zerbitzuak sortu nahi ditugu. Jakin badakigu, herri txikia izanda, ez garela gai udalaren eskumenekoak diren laguntza batzuk bakarrik eskaintzeko, baina Udal Elkarteak gizarte zerbitzuen gaia lehenestea proposatzen dugu.
Gaur egun, laguntzak dira gizarte zerbitzuen oinarria. Baliabideak eta laguntzak sortzea izan da EAJren joera, baina gizarte lanaren funtsa ahulezia egoeran dauden pertsonekin atxikimendua sortzea izan behar du, eta gizarte politikak ere komunitatera itzultzen ari dira pixkanaka. Izan ere, baliabide asko sortu dituzte, baina ez dira jasangarriak eta ezin dira ordaindu. Adibidez, adinekoentzat zentroa egin dezakegu mendian, baina horrek isolatu egiten du erabiltzailea, pertsona horrentzat inguruarekin eta gizartearekin kontaktua izatea oso garrantzitsua delako.
Gizarte zerbitzuen arloan lan handia egin behar dugu Orion, ahulezian dauden jendearengandik gertu egon behar baitute gizarte zerbitzuek, herritarrengana irekita eta gainontzeko erakunde eta eragileekin koordinatuta: ikastetxeekin, Osakidetzarekin eta Caritasekin, besteak beste. Eragileen arteko elkarlanaren aldekoa naiz, frogatuta dagoelako ahulezia egoeran dauden familiek behar bat bat baino gehiago izaten dituztela. Segur aski, seme-alabek gabeziaren bat dutela hautemangu dute eskolan; amona Osakidetzan egongo da, eta Karitasek janaria emango dio familia osoari. Horregatik, oso garrantzitsua da eragileek sarean lan egitea.
Mahaiak berreskuratzea ere lehentasun moduan mahaigaineratu duzue.
Bai, lehen esan bezala, herritarrez eta eragilez osatutako mahaiekin lan egin nahi dugu agintaldi berrian. Sinesten dugu herritar guztiok maila berean gaudela, eta gutako bakoitzak eginkizun jakin bat duela herrian. Guri, datozen lau urtetan, udal ordezkari bezala, udalbatzarretan herritarren izenean botoa ematea egokituko zaigu, baina herrigintzan dabiltzanek, mahai desberdinen bidez ekarpena egiteko aukera izango dute. Ildo horretan, Topagune Berdea martxan jartzea eta Motondo berreskuratzea, hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzea eta hondartza balio natural modura ulertzea proposatzen dugu. Bestetik, beharrezkoa iruditzen zaigu Kultur Mahaia abiatzea, eta baita kultur agenda bateratua sortzea edota Kirol Mahaian kirolari buruz eta kirola egiteko eredu berriez hitz egitea ere, eta ez kirol arloko dirulaguntzei buruz bakarrik.
Bestalde, hezkuntzan ere eragin nahi dugu, Oriok herri hezitzailea izan behar duela uste baitugu. Hezkuntza ez da herriko eskola desberdinen eskumena, hezkuntza herri osoaren ardura da, eta etorkizunean Oriok izango dituen erronkak asetzeko gai diren haurrak hezi behar ditugu, denon artean. Horregatik, Orioko Curriculumaren proiektua berreskuratzeko beharra ikusten dugu, familia bakoitzak egiten duen hautu pertsonalaz harago, batzen gaituena desberdintzen gaituena baino askoz gehiago delako.
Gainera, turismo arloan ere eredu jasangarri bat bultzatu nahi dugu herrian. Inguruko herrietatik bereizten duen errioa du Oriok, eta hori indartu behar dugula uste dugu, Motondo eta Kofradiako proiektuak ardatz hartuta. Argi geratu da malekoiak eta txiringitoek ez dituztela bisitariak erakartzen herrira, hori nahi duenak aukera asko baititu inguruan. Dena dela, gure herria erakargarria izateko, natur eta kultur ondarea eta turismo jasangarria sustatzen saiatuko gara.
Zer eskaintzen du EH Bilduk gainontzekoek eskaintzen ez dutena?
Herria hobetzeko lan egiteko irrikaz gauden talde gaztea gara. Zintzotasunez eta gardentasunez lan egingo dugu, herritarren nahia udalean islatuz. Gainera, politika ezkertiarrak bultzako ditugu, zazpi lurraldeen Euskal Herria defendatuko dugu uneoro, eta erabat euskaldunak izango gara. EH Bildu gainontzeko alderdiengandik bereizten duten balioak dira horiek.