Asier Azpirozek irabazi du Gipuzkoa Bertsotan faseko Orioko saioa

Karkara 2019ko mai. 6a, 16:00

Larunbatean eman zioten hasiera Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseari. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Pasa den asteburuan egin dituzte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko lehen lau saioak. Asier Azpiroz izan da nagusi Orioko saioan, 329 puntu poltsikoratuta. Oier Aizpuruak egin du bigarren, bi puntuko aldearekin.

Pasa den larunbatean, maiatzak 4, eman zioten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseari; Gipuzkoa Bertsotan. Asteburuan jokatu dituzte lehen lau saioak, Asteasun, Idiazabalen, Anoetan eta Orion. Orioko saioa atzo, igandea, izan zen, Kultur Etxean, eta Uxue Areizagak egin zituen aurkezle lanak.

329 punturekin, Asier Azpiroz izan zen nagusi atzoko jardunaldian. Oier Aizpuruak egin zuen bigarren, bi puntuko aldearekin, eta Andoni Otamendik lortu zuen hirugarren postua, 303,5 punturekin. Hain zuzen, honela gelditu zen sailkapena:

  1. Asier Azpiroz Iztueta: 329
  2. Oier Aizpurua Olaizola: 327
  3. Andoni Otamendi Arsuaga: 303,5
  4. Jokin Irastorza Zabalegi: 288,5
  5. Urko Egaña Calderon: 282
  6. Joseba Andoni Agirre Orbegozo: 255,5

Egoitz Eizagirre hirugarren Idiazabalen
Egoitz Eizagirre oriotarrak Idiazabalgo kanporaketan parte hartu zuen asteburuan, eta hirugarren postuan sailkatu zen. Hurrengoa da sailkapena:

  1. Unai Muñoa Amondarain: 329
  2. Iker Ormazabal Ojeda: 325
  3. Egoitz Eizagirre Aduriz: 303,5
  4. Txomin Azpiroz De Pedro: 288
  5. Imanol Albizu Gurrutxaga: 268,5
  6. Iker Letamendia Barandiaran: 254,5

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide