"Heriotzaren inguruko alderdi desberdinak jorratzen dituen proiektua sortu dugu"

Karkara 2019ko api. 2a, 18:00

Mandalara taldeko kide Amaia Gozategi

Mandalararen ‘Bizitzaren bukaerarako ibilbidean’ proiektua Kutxa Fundazioaren Gipuzkoa Kutxa Solidarioa ekimenak babestu eta diruz lagunduko du. Maiatzaren 31n, Orion izango da proiektuaren baitako hitzaldietako bat, Lory Thomsonena.

Kutxa Fundazioaren Gizarte Ekintza sailak Gipuzkoa Kutxa Solidarioa ekimenaren bidez, elkartasuna oinarri duten proiektuak diruz laguntzen ditu, eta aurten Orioko Mantalara elkartearen Bizitzaren bukaerarako ibilbidean proiektua (Transitando hacia el final de la vida) finantzatuko du.

Proiektua hamaika jardunaldiz osatuta egongo da, eta pasa den ostiralean egin zuten lehen saioa Donostian. Bertan heriotzaren pedagogia izan zuten hizpide lau adituk. Mandalara elkarteko kide Amaia Gozategik azaldu duenez, proiektuaren helburua da heriotzarekin erlazio duten hainbat gai jorratzea. "Bizitzako uneren batean denoi tokatuko zaigu familiako eta lagunen baten heriotzari aurre egitea, horregatik oso garrantzitsua da gaia mahai gainean jartzea eta herritarrak informatzea. Prozesu hori anitza izan daiteke; horregatik, heriotzaren alderdi desberdinak jorratzeko proiektua antolatu dugu"; besteak beste, zainketa aringarriak, lege aldetik gaixoek eta beren familiek dituzten eskubideak, familiako umeei heriotza azaltzeko modua, dolua eta beste hainbat gai landuko dituzte hitzaldi, tailer, ikastaro eta topaketen bidez.

2016an abiatu zuen Mandalara elkateak heriotzaren inguruko lehen proiektua Heriotza on bat bizitzea eta laguntzearen artea izenburupean. Lehen ekimenarekin Euskal Herri mailan izan zuen "erantzun bikainaz" ohartuta, proiektu trinkoagoa sortzeko urratsa egin dute.

Maiatzaren 31n Orion
Mandalara elkarteak beste hainbat erakunderekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldiak. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu erakundeen arteko sareak sortzea, eta harreman horien bidez ibilbide luzea duten hizlariak ekartzeko aukera izango dugu". Maiatzaren 31n esaterako, Matia Fundazioko Zainketa Aringarrien saileko arduradun Lory Thomsonek emango du hitzaldia Orion; Orioko Esperientzi Eskolak eta Mandalara elkarteak elkarlanean antolatu dute jardunaldia. "Thomson kaliforniarra da, eta berak jarri zuen martxan Matia Fundazioko Zainketa Aringarrien unitatea. Espainia mailan erreferentea da, eta beste hainbat hiritan aholkulari lanak egin ditu Zainketa Aringarrien sailak martxan jartzeko. Zorte handia dugu, inguruan beren jakintza partekatzeko prest dauden profesional oso onak ditugulako", azaldu du Gozategik.

Lory Thomsonek Orion emango duen hitzaldia doakoa izango da. "Bizitzaren bukaerarako ibilbidean proiektuko hitzaldi guztiak doakoak izango dira. Horietako asko Donostian egingo ditugu, inguru horretan gaiarekiko interes handia dagoelako. Dena dela, garrantzitsua iruditzen zaigu proiektua Gipuzkoan zehar zabaltzea, eta Orion egingo dugun bezala, tokian tokiko eragileekin elkarlanean hainbat jardunaldi antolatzea da asmoa".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide