21. Korrika

"Haurtzaroko egun asko pasa ditut Orion, eta kontzertu berezia izango da ostegunekoa"

Karkara 2019ko mar. 26a, 18:00

Olatz Salvador Zaldua musikaria

Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) kontzertua eskainiko du ostegunean Orion, Korrika Kulturalaren barruan. Saio berezia izango da musikariarentzat, bere ama oriotarra baita.

OLATZ SALVADOR ZALDUA - Musikaria

Ibilbide zabala duzu musikaren munduan. Nondik datorkizu zaletasuna?
Familia musikaria da gurea. Aita eta osaba musikariak dira; amonak pianoa jotzen du, eta amaren aldeko familian ere badago musikarekiko zaletasuna. Nik uste dut musikarekiko grina helarazi didatela txikitatik etxean, eta goiz hasi nintzen mundu horretan lehen urratsak egiten. Pianoa eta musika-mintzaira ikasi nituen lehenengo; DBHn nire kasa gitarra ikasten hasi nintzen, aitak zertxobait erakutsita. Hortik aurrera, ahots teknika, harmonia eta baxu ikasketak egin nituen.

Skakeitan taldeko kidea zara, baina bakarlari moduan saltoa ematea erabaki duzu. Zer dela-eta?
Duela zortzi urte hasi nintzen Skakeitan taldean pianoa jotzen, baina ez nuen bakarlari ibilbidea hasteko erabakia kontzienteki hartu. Abesti batzuk aurkezteko aitzakiarekin kontzertutxo bat eman nuen, eta nire lanak jendearen artean harrera ona izan zuela ikusita, hainbat aretotan kontzertuak emateko deika hasi zitzaizkidan. Pixkanaka ohartu nintzen proiektu baten hasiera izan zitekeela, eta aurrera jarraitu nuen.

Gaur egun bi proiektuetan murgilduta al zaude?
Bai, baina aitortu behar dut epe luzera zaila izango dela bi proiektuak uztartzea. Orain bakarlari moduan Zintzilik bira egiten ari naiz, eta Skakeitan taldearekin disko berria sortzeko konposatzen ari gara. Zintzilik bira amaitzean, Skakeitan taldearekin kontzertuak ematen hasiko gara. Horrelako malabarismoak egin behar ditut bi proiektuak bateragarriak izan daitezen.

Oso desberdina al da musikariarentzat taldean edo bakarka oholtza gainera igotzea?
Guztiz desberdina da. Skakeitan taldean nik ez dut paper protagonistarik, eta lasai sentitzen naiz publikoaren aurrean. Ibilbide luzea dugu, eta kontzertu pila bat eman ditugunez, baditut baliabideak horri aurre egiteko.
Oholtza gainean bakarlari moduan sentitzen dena oso desberdina da. Kasu horretan ni naiz protagonista, eta nire abestiak jendearen aurrean eskaintzean ardura puntu handiagoa sentitzen dut; taldean jotzean baino urduriago jartzen naiz. Oraindik ez dut nahikoa eskarmentu rol horretan.

Zaila iruditu al zaizu emakume bakarlari moduan musikaren mundu konplexuan bidea egitea?
Ez dira agerikoak, baina hainbat oztopo gainditu behar ditugu emakumeok mundu honetan. Emakume musikarien artean gaiaz hitz egin dugunean, ikusi dugu guztiok izan ditugula antzeko esperientziak eta zailtasunak, eta ez dugu jakin identifikatzen emakumeak garelako gertatu zaizkigula. Adibidez, exijentzia maila handia jartzen diogu gure buruari, eta hori oztopoa da oholtza gainean gozatzeko. Gure buruari ez diogu zilegitasunik ematen, eta uste dut emakume moduan heziak izan garelako izan daitekeela hori.

Zure musika intimista bezala definitzen dute askok. Zure barne gogoetak eta sentimenduak azaleratzeko balio al dizute abestiek?
Niretzat oso terapeutikoa da abestiak sortzea. Asko gustatzen zait idaztea, eta egunero saiatzen naiz zerbait sortzen. Uste dut sorkuntza prozesua oso gauza intimoa dela, eta nire mundu ikuskera eta nire egonezinak azaltzen laguntzen dit. Nire burua garbitzeko bidea da.

Zer nolako erantzuna izan ohi du publikoak zure abestien aurrean?
Igandean bertan eman nuen kontzertua, eta hunkituta atera nintzen. Izan ere, abestiak sortzen ditudanean ez dut espero horrelako harrera izango dutenik. Publikoaren erantzuna barruraino iritsi zitzaidan, eta egiten dudanari zentzua hartu nion. Oso pozik nago.

Berezia izango al da bihar Orion emango duzun kontzertua?
Nire ama oriotarra da, eta haurtzaroko egun asko igaro ditut Orion; horrek kontzertuari ukitu emozionalagoa emango diola iruditzen zait. Ikusi dut kontzerturako sarrera guztiak ahitu direla, eta harriduraz hartu dut berria. Orion jotzen dudan lehen aldia izango da, eta niretzat ez da beste herriren batean kontzertua eskaintzea bezalakoa izango. Berezia izango dela iruditzen zait, eta eguna iristeko irrikaz nago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide