Pasa den asteburuan Espainiako Ohorezko Sofbol ligako bigarren jardunaldia jokatu zuen OBBk Orioko Mendibetz zelaian, Kataluniako Sant Boi taldearen aurka.
Jardunaldiko lehenengo partida estua izan zen, bi taldeek gogoz eta indartsu abiatu baitzuten norgehiagoka. Dena dela, oriotarrek bateatzen erakutsitako grinari esker 3-1 emaitzarekin irabazi zuen partida etxeko taldeak. Lehenengo bi sarreretan oriotarrek 3 lasterketa egin zituzten, eta partida osoan zehar lan ederra egin zuten defentsan; ondorioz, kataluniarrek karrera bakarra osatzea lortu zuten.
OBBko kideek azaldu dutenez, bigarren partida "gogorra" izan zen. "Talde kataluniarra bateak astintzen hasi zen, eta gure neskek ez zuten defentsan asmatu. Azkenean, 1-11 gailendu zitzaigun Sant Boi taldea. Erasoan ez genuen asmatu, eta erreakzionatzen hasi ginenerako berandu zen". Taldeko ordezkariek, Igone Etxeberriak eta Amaia Larraxak defentsan egindako lana nabarmendu nahi izan dute.
Hurrengo partida Katalunian
Datorren asteburuan OBBk Bartzelonako CB Viladecans Sercotel taldea izango du aurkari Katalunian. "Partida politak, baina jardunaldi gogorra" izango dela aurreikusi dute oritarrek.