"Eroso sentitzen naiz kameraren aurrean"

Karkara 2019ko mar. 14a, 18:00

Jon Garate oriotarra ETB1eko ‘Gure Kasa’ saioko gidoilaria da. Aurten lehen aldiz saltoa eman du kamararen aurrera, eta bere zeregin berria izan du hizpide.

JON GARATE - Gidoilaria eta 'Gure Kasa' saioko kale inkestagilea

'Gure Kasa' saioan pantaila aurrean ikusi zaituzte ikusleek aurtengo denboraldian. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?
Ni berez saioko gidoilaria naiz, eta aurtengo denboraldian antenan ateratzea proposatu zidaten. Kale inkestak egiteaz arduratuko nintzela aipatu zidaten, eta gogoan dut, lehen grabaziora lo gutxi eginda joan nintzela, urduri bainengoen. Hala ere, behin kamararen aurrean jarri nintzenean, urduritasuna pasa zitzaidan, eta nahiko lasai sentitu nintzen. Orain oso gustura nago.

Zer esaten dizute ingurukoek?
Askok aipatu didate, natural ikusten nautela kamararen aurrean. Orain, ni ere eroso sentitzen naiz, baina lehenengo aldietan ez zitzaidan gehiegi gustatzen kameraren aurrean nuen jarrera, robot bat moduan ikusten bainintzen. Gainontzekoak konturatzen ez badira ere, nork bere burua urduri nabaritzen du. Pixkanaka ikasten eta hobetzen joan naizela uste dut, eta orain oso eroso sentitzen naiz.

Umorea ere ez zaizu falta kameraren aurrean?
Ni berez oso lotsatia naiz, eta asko kostatzen zait jendearekin hitz egitea. Batzuei kamerak beldurra ematen die, eta ni berriz kameraren aurrean babestuta eta eroso sentitzen naiz. Jendeak edozer gauza arraro egiten ikusten banau, badaki ez nagoela erotuta, badaki kamera baten aurrean lanean ari naizela.

Gure Kasa saioan kaleko janedearekin hartu emana izaten duzu. Nola erreakzionatzen dute?
Batzuk aipatu izan didate kalean geratzen ditudan pertsona gehienak dibertigarriak direla, "badirudi kastina" egiten duzuela esaten dit jendeak. Gu herri batera iristen garenean, kaleko jendea geratzen hasten gara, eta kalkulatuta dugu, 20tik bat geratuko zaigula, gehienek aitzakiaren bat jartzen baitute: "presa daukat", "ez dakit euskaraz", "berandu nabil" edo "ez zait gustatzen" modukoak esaten dizkigute. Horregatik, geratzen direnak plazandreak edo plazagizonak izaten dira, eta normalean denerako prest egoten dira.

Gidoi bat egiterakoan lantzen dituzun teknikak erabiltzen al dituzu kaleko grabaketan?
Gidoilariok zer gertatuko den aurreikusi behar izaten dugu, baina programa on bat egiteko ez da gidoia zehatz mehatz jarraitu behar; hau ez da telesail bat-eta. Gidoiak bidea markatzen du, baina inprobisazioa oso garrantzitsua da. Ni kalera ateratzen naizenean, zer jolasa egin behar dudana bakarrik jakiten dut, eta hortik aurrera inprobisatu egiten dut; aurrean dudan pertsonara moldatzen naiz, herritarra ere gustura egon dadin. Adibidez, ikusten badut kalean harrapatu dudan laguna kamararen aurrean nahiko lotsatuta dagoela, ba ez dut mozorrotzen.

Zure naturaltasunak konfiantza ematen al dio kaleko jendeari?
Baietz esango nuke, naturaltasunak gertutasuna sortzen baitu. Hasieran kamerak errespetua ematen zidan, ez nekien kamerari nola begiratu behar nion ere, baina denborarekin ohitzen joan naiz, eta orain kamera beste lagun bat bezala ikusten dut. Hau da, kaleko pertsona bat elkarrizketatzen ari naizenean, zerbaitek grazia ematen badit, kamerari begira egiten dut barre, lagun bati ariko banintz bezala.

Gidoilari lanean jarraitzen al duzu?
Bai, astean lau programa egiten ditugu. Nik horietako bi gidoi idazten ditut, eta astean behin kalera ateratzen naiz inkestak egitera.

Telebistaren bi alderdiak ezagutu dituzu. Etorkizunari begira kameraren aurrean jarraitzea gustatuko al litzaizuke?
Nik beti probatu nahi izan dut kamera aurreko lana, eta gustatu zait. Jarraitu nahiko nuke lan horretan, baina datorren urtean kale inkestak egiten segituko ez dudala esaten badidate, ez da ezer gertatzen, ni neu oso gustura bainago gidoilari lanean.

Gidoilari lanarekiko eta telebistaren munduarekiko zaletasuna aspalditik al datorkizu?
12 urte inguru nituenean, Goenkale telesaila grabatzen zuten Orion, eta Ikastolarako bidean ikusten nituen plaza inguruan. Arratsaldetan, aktoreek erabiltzen zituzten gidoiak zakarrontzian egoten ziren, eta koadrilakook hartu egiten genituen. Nik gidoi guztiak irakurtzen nituen, eta 12 urterekin dagoeneko banekien gidoi batek zer egitura eta ezaugarri zituen.

Goenkale-ren jarraitzailea zara beraz?
Garai horretan ETB1ko saio asko ikusten nituen. Nik Goenkale-ko atal bakoitza ez dut behin baino gehiagotan ikusi, baina herrian grabatzen zutenez, oso gertukoa sentitzen nuen, eta pasioarekin bizi nuen Goenkale. Horregatik, ikusi nituen atal guztiak buruan grabatuta geratu zitzaizkidan.
Horrez gain, nire aitak ETBn lagunak zituen, eta urtean bitan bisita egiten genuen ETBra, bertan nola lan egiten zuten ikustera. Grabazioak nahiko aspergarriak izaten dira, askotan moztu eta hasieratik hasi behar izaten baita, baina, ni orduak egoten nintzen grabazioak ikusten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide