Luzatu egin dute 'Harakintza eta Haragikien elaborazioa' ikastaroan izena emateko epea

Karkara 2019ko mar. 1a, 14:15

Harakintza ikastaroan izena eman daiteke.

Izen-emate epea luzatu egin dute, oraindik ere hainbat plaza libre daudelako eta ikastaroa egiten duten langabeek laneratzeko aukera handiak izango dituztelako. Izan ere, sektoreko lan-eskaintzei erantzun ahal izateko, halako ziurtagiridun langileak falta dira.

Urola Kostako Udal Elkarteak antolatuta, 'Harakintza eta Haragikien elaborazioa' 2.mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintza industrian murgildu nahi duten langabeek, eta ikastaroa erabat doan izango da.

Guztira, 430 orduko prestakuntza izango da. Ikastaroa gazteleraz eskainiko dute Urkaiko baserritarren kooperatibak Zestoan duen egoitza nagusian: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara.

Ikastaroan parte hartzen dutenek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituzte. Alde batetik, haragia balioesten eta zatitzen, eta haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatzen ikasiko dute. Bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ere ezagutuko dituzte. Azkenik, enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak barneratuko dituzte.

Argibideak eta izen-ematea
Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu Zerbitzuko arduradun Olaia Sainzekin jarri behar da harremanetan: 943-890808 telefono zenbakira deituta, edo osainz@urolakosta.eus helbidera idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide