"Beti zuzendu nahi izan dut musika talde bat eta orkestra uztartzen dituen proiekturen bat"

Karkara 2019ko ots. 28a, 18:00

Joseba Aparicio musikaria.

Joseba Aparicioren Guda Dantza taldeak 'Azken Eztanda' abestiaren bideoa grabatu du orkestrarekin. Oriotarrak zuzendu du abestiaren orkestrazioa. 

JOSEBA APARICIO - Musikaria

Proiektu garrantzitsua labetik atera berri duzue. Zertan datza?
Guda Dantza musika taldea duela bost urte sortu zen, eta 2018an hirugarren diskoa argitaratu genuen. Hasiera batean, 2019a trantsizio urtea izatea zen asmoa, baina nahi genuen munduak jakitea ez geundela geldirik, eta proiektu bereziren bat lantzea bururatu zitzaigun. Ideia zaparrada bota genuen, eta proposamen mordoa bildu genituen. Guk normalean ska-funk musika egiten dugu, baina diskoko azken abestia balada bat da, eta nik musika klasikoa ikasi dudanez, taldekideei proposatu nien abesti hori orkestrarekin batera jotzea. Horrelako lan batek inbertsio handia eskatzen du, eta hasieran bazirudien ezingo genuela proiektua aurrera atera. Dena dela, beharrezko baliabideak lortu genituen, eta proiektuaren buru jarri nintzen. Abestia orkestrarako moldatu eta idatzi nuen, eta grabazioa zuzendu. Emaitza bikaina izan da, eta harrera oso ona izan du.

Horrelako orkestrazio lanen bat egin al duzu aurretik?
Beti zuzendu nahi izan dut musika talde bat eta orkestra uztartzen dituen proiekturen bat, eta aukera izan dudanean buru-belarri sartu naiz horretan. Orain arte idatzi izan ditut lanak orkestrentzat eta bandentzat, baina bi alderdiak uztartu ditudan lehen aldia izan da. Askotan zailena aukera sortzea izan da, ez baita beti orkestra bat eskura izaten. Kasu honetan orkestra nire ikaskideek osatu dute, eta eskerrak eman behar dizkiet uneoro erakutsi duten prestutasunagatik.

Buruhauste handiak sortu al dizkizu bi alderdiak uztatzeak?
Ez, proiektuan parte hartu duten guztiek jarrera bikaina izan dute, eta lana egiteko askatasun osoa eman didate. Asteburu batean egin dugu grabaketa. Ostiralean grabatu zuen taldeak, larunbatean orkestrak eta igandean bideoa osatzeko irudiak filmatu genituen.

Orkestrazio lana aurrera pausua izan al da zure musika ibilbidean?
Urrats garrantzitsua izan da, eta uste dut ate berriak irekiko dizkidala. Musikaren munduko jende askok zoriondu gaitu, eta pertsonalki maila honetako lana zuzentzeko gai naizela erakutsi dut gainera.

Zure musikari ibilbidea oso zabala da. Txikitatik tronpeta eskuan hartuta ezagutu zaituzte oriotarrek, eta urte hauetan guztietan proiektu askotan parte hartu izan duzu. Zein lan nabarmenduko zenituzke?
Haur asko bezala Orioko Musika Eskolan hasi nintzen tronpeta jotzen, eta herriko txarangan eta Getariako Musika Bandan aritu nintzen urte luzez. Nik uste dut, Asier Gozategik proposatuta, Gozategi taldearekin jotzen hastea inflexio-puntu garrantzitsua izan zela nire musika ibilbidean. Horrez gain, Euskal Herri mailako beste musika talde inportanteekin ere lan egin dut. Hesian taldearekin kontzertu batzuk eman nituen, eta hortik Vendetta musika taldearekin jotzeko aukera sortu zitzaidan. Vendettarekin Espainia mailako bira egin nuen, eta horrek bultzada garrantzitsua eman zidan. Aurrerago Guda Dantza musika taldea tronpeta-jotzailerik gabe geratu zen; bidean gurutzatu ginen, eta proiektuan parte hartzea proposatu zidaten. 

Kontserbatorioan goi mailako musika ikasketak egitea ere erabaki zenuen garai horretan. Zer dela eta animatu zinen?
Antzematen nuen ate asko itxita nituela goi mailako musika ikasketak ez izateagatik. Izan ere, banda askotan eskatzen dute gutxienenez Musikako Gradu Profesionala izatea. Orain Zornotzan bizi naiz, eta Leioako Kontserbatorioan sarbide probak egin nituen; ez zen bide erraza izan, musika klasikoa jotzeko egokitu behar izan nuen nire teknika-eta. Berez sei urteko gradua da, eta ni laugarren mailara sartu nintzen zuzenean. Hiru urtetan atera dut gradua, tailerrean lan egiten nuen bitartean. Gogorra izan da, niretzat eta bikotearentzat, goizeko 06:00 irteten bainintzen etxetik lanera joateko eta 22:30ean bueltatzen nintzen kontserbatoriotik.

Ahaleginak merezi izan al du?
Bai, oso gustura nago, musikari moduan hazten lagundu baitit goi mailako ikasketak egiteak. Gainera, gradu amaierako azterketan epaimahaiaren aurrean aurkeztu nuen obra jendaurrean jotzeko aukera ere izan dut. Getariako Bandaren kontzertuan bakarka jo nuen pieza, eta hunkigarria izan zen, batez ere nire familiarentzat, musikariaren bizitza ulertzea ez baita beti erreza izan beraientzat. Gauza asko alde batera utzi behar izan ditut musikaren munduan aurrera egiteko, eta lanak, entseguek, kontzertuek eta bidaiek, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora gutxi uzten didate. Nahi baino gutxiago etortzen naiz herrira, baina edonora noala ere, beti esaten dut oriotarra naizela.

 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide