Ikastolak auzolanean egindako obren gaineko zergan %95eko hobaria aplikatzea onartu du Orioko Udalbatzak

Karkara 2019ko urt. 30a, 10:17

Eskari eta galderen atalean, Joxe Angel Zalduak KARKARA aldizkariari eskaini dion elkarrizketaren inguruan galdetu zuen EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek.

Atzo iluntzean, ohiko udalbatzarra egin zen Orion, eta hasiera batean, 2019ko udal aurrekontua eta Udalaren 2019ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda bozkatzea aurreikusita bazegoen ere, oposizioak eskatuta gaia hurrengo astean egingo den udalbatzarrean jorratzea erabaki zuten.

Hurrengo gaiak bozkatu zituzten udalbatzarrean: 

1.- Onartzea, egoki bada, Orioko Herri Ikastolak aurkeztutako idatzia, hobariak aplikatzea eskatuz eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan. Gaia aho batez onartu zen udalbatzarrean.
Gaia batzorde informatzailean landu zuten udal taldeek, eta EAJ, EH Bildu,  Orain eta PSE-EE taldeen aldeko botoekin onartu zuten obren gaineko zergan %95eko hobaria aplikatzea. Ikastolak zergengatik ordaindutako kopurua 7.794,58 euro izan zen, eta %95eko hobaria aplikatuta, 7.404,85 euro itzuliko dizkio Orioko Udalak Orioko Herri Ikastolari.

Orioko Herri Ikastola Guraso Kooperatibako lehendakari Anuska Esnalek udalbatzarra bukatutakoan azaldu zuen, Ikastolako eraikina Konfiantzaren Pedagogiara egokitzeko gurasoek boluntario lanak egin dituztela azken urtetan. "Obrak auzolanean egin baditugu ere, zenbaitetan obra baimena eskatu behar izaten da Udalean, eta baimen horien gaineko zergak pasa zizkiguten Udaletik. Guri ez zitzaigun bidezkoa iruditzen udal eraikinean auzolanean egindako lanen gaineko zergak ordaindu behar izatea, eta negoziatzen aritu gara udalarekin. Azkenean, %95eko hobaria aplikatzea onartu dute. Zergak ordainduta daude, beraz, 7.404,85 euro itzuliko dizkio udalak Ikastolari".

2.- Onartzea, egoki bada, kudeaketa-gomendioaren hitzarmena, Donostiako Musika eta Dantza Eskolaren eta Orioko Udal Musika Eskolaren artekoa, lan-poltsak modu bateratuan kudeatzekoa, haiek musika eta dantza ikastetxeetan erabili daitezen. Gaia aho batez onartu zen udalbatzarrean.

3.- Eskariak eta galdera.
Eskariak eta galderak atalean, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak KARKARA aldizkariari eskainitako elkarrizketaren inguruan galdera egin zuen EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek. "Alkateak KARKARA aldizkariko azken zenbakian egindako adierazpenek luzerako emango lukete, eta ez naiz sartuko eztabaida horretan. Dena dela, uste dugu esaldi bat larria dela eta lekuz kanpo dagoela. Horrela dio: Ez genuen onartu ez genuelako nahi Muntoko partzelan soilik alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea. Getto batean bihurtuko litzateke eremu hori, gizarte bazterketan dauden kanpotarrak etorriko lirateke eta. Guk uste genuen diskurtso hauek alderdi ultra eskuindarren iritzia bakarrik zirela, baina zoritxarrez Orioko Udal Gobernuan dagoen alderdiko ordezkari batek esan ditu adierazpen horiek. Gure ustez larriak direnez, espero dugu EAJk esaldia zuzentzea".

Alkateak hurrengoa erantzun zion: "Niri helarazi didatena, azaldu nuen elkarrizketan. Hortik aurrera, adierazpen horiek interpretatu eta beste hitz batzuekin adornatu nahi badituk ez zeukat inolako eragozpenik, baina interpretazioak hireak dituk". Erantzunaren aurrean, Iribarrek berriz galdetu zuen: "Muntoko partzelan alokairu sozialeko etxebizitzak ez egiteko arrazoia alkateak KARKARA-n azaldutakoak al dira?"

2019ko udal hauteskundeetan Orioko EAJko alkategaia izango den Lourdes Salsamendik eztabaida argitzeko azaldu zuen, KARKARAKO-a Joxe Angel Zalduari egindako elkarrizketa dela, "agintaldiko balantzea egin du Joxe Angelek alkate bezala, bere adierazpenak dira. Horrek ez du esan nahi Orioko EAJ iritzi berekoa denik".  

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide