Whatsapp bidez arraina erosteko aukera martxan da Orion

Karkara 2019ko urt. 23a, 12:03

Nahi izanez gero, bezeroek eguneko arrain eskaintzaren bideoa jaso dezakete mugikorrean, eta interesa duenak eskaera egin dezake Whatsapp bidez.

Orioko dendariak herritarren beharretara egokitzeko ahalegin berezia egiten ari direla jakina da herrian. Horretarako aukera desberdinak lantzen ari dira, eta Karmen Arrandegiak Whatsapp bidez erosketa egiteko zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzuan izena emanda dauden bezeroek goizetan, 08:30ak baino lehen, egun horretako arrain eskaintza ezagutzeko bideoa jasotzen dute beren mugikorretan; "bertan arrainaren itxura ikusteaz gain, espezie bakoitza zer preziotan dagoen ere zehazten dugu", azaldu du arrandegiko arduradun Olga Mujikak. "Ondoren, erosketa egin nahi dutenek mezua idatzi dezakete eskaera eginez, eta prest izango dute poltsa beraiek zehaztutako ordurako".

Arrandegiko arduradunaren esanetan, "harrera ona" izan du zerbitzu berriak bezeroen artean. "Pixkanaka doa. Ahoz ahoz zabaldu da herritarren artean, eta Ikastola aurreko plazan zerbitzuaren berri izan dutela esan digute guraso gazte askok, eta probatzera animatu dira". Mujikak jakin badaki, askorentzat ez dela erraza arraina modu horretan erostea, "konfiantza handia izan behar baita arrain-saltzailean. Horregatik, zerbitzua erabiltzen duten bezeroek gure lan egiteko modua ezagutzen dute. Normalean, lan kontuengatik goizean arrandegitik pasa ezin duten herritarrak dira, 45 urtetik beherakoak nagusiki ".

Urritik martxan
Urrian jarri zuten zerbitzu berria martxan, arrandegia arratsaldetan irekitzen hasi zirenean. "Zerbitzua martxan jarri genuen bezero guztiei aukera bera eskaintzeko asmoz. Izan ere, arrandegian goizean eskaintza zabala izaten dugu, baina eguna pasa ahala murrizten joaten da aukera. Antxoa denboraldian esaterako, goizean bertako antxoa prezio onean erosteko aukera izan ohi da, baina segituan agortzen da, eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen goizean arrandegitik pasa ezin duenak, eskaintza murritzagoa izatea".

Horrez gain, egun batetik bestera prezioak asko aldatzen direla ere nabarmendu dute. "Atzo peskadilla edo merlenka 12 eurotan zegoen kiloa eta gaur bederatzira jaitsi da. Merkatuaren eta eskariaren arabera prezioek gora-behera handiak izaten dituzte gure sektorean. Gabonen inguruan izaten dira prezio altuenak, eta Donostiako festak pasatzen direnean jaisten hasten dira. Horregatik garrantzitsua da bezeroek egun bakoitzean espezie bakoitza zer preziotan dagoen jakitea".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide