"Txapelketan ondo jokatu nuen eta finaleko urduritasuna kontrolatzen ere asmatu nuen"

Karkara 2019ko urt. 22a, 17:30

Yolanda Fernandez (Urnieta, 1974) oriotarrak Frantziako Pau hiriko Sud-Ouest Dardo Txapelketa irabazi du, Barbara White britaniarrari 3-2 irabazita.

YOLANDA FERNANDEZ - Dardo jokalaria

Paun Sud Ouest Txapelketa irabazi duzu. Ezustekoa izan al da?
Frantzian bakarkako txapelketa batean parte hartzen nuen bigarren aldia izan da. Lehenengoan ihes egin zidan garaipenak, eta oraingo honetan txapelketan ondo jokatu nuen eta finaleko urduritasuna kontrolatzen ere asmatu nuen. Izan ere, sailkapen partidak pabilioi handi batean jokatzen badira ere, finala eszenatoki baten gainean jokatu behar izaten dugu. Horregatik, urduritasuna gainditzea ezinbestekoa izaten da irabazi nahi bada.

Faktore askok eragiten dute beraz partida batean?
Txapelketa garrantzitsuetan, ahal den lanik txukunena egiten ahalegintzen gara jokalari guztiok, baina jakin badakigu aurkariak ere horretan saiatzen ari direla, eta aurkariaren estrategiak gurea baldintzatu dezake gainera. Horregatik da garrantzitsua kontzentratuta egotea, akatsik txikienak partida galtzea eragin baitezake.

Estrategiak ere ba al dituzue dardoetan?
Bai, dardo txapelketetan joko bat gaino gehiago daude, eta horietako bakoitzean estrategia desberdina erabiltzea komeni da. Adibidez, joko batean 501 punturekin hasten dugu partida eta ahal den azkarrena 0 punturekin amaitzea da helburua. Horretarako puntuak murrizten joan behar izaten dugu, eta jokalari bakoitzak bere zenbaki gustukoena izan ohi du; batzuk 50 puntuko dianan jotzea atsegin dute , eta beste batzuk berriz, 60 puntu markatzen dituen 20ko hirukoitzean.

Nola murgildu zinen txapelketen munduan?
Duela 14 urte hasi nintzen dardotan jokatzen lagun artean, Urnietako Dardoka klubean, baina orain dela bi urte erabaki nuen serioago hartzea. Izan ere, ohartu nintzen nire jokoa asko hobetu nuela, eta nahiko maila polita nuela. Konfiantza hartu nuen eta nire buruari gehiago eskatzen hasi nintzen. Gaur egun oso gustura nago lortu dudan mailarekin, eta horregatik erabaki nuen ezagutzen ditudan txapelketez gain, Frantziako lehiak ere probatzea. Izan ere, guk normalean Espainia mailako txapelketetan jokatzen dugu, eta horietako zenbaitek nazioartean jokatzeko txartela eta bidaia eskuratu dezakegu. Nire bikote Joseba Unanue esaterako, Japonen edo Txinan izana da nazioarte mailako txapelketak jokatzen. Nik oraindik ez naiz maila horretara iritsi, baina iaz Espainia gorengo mailara igo nintzen, eta urrats garrantzitsua izan zen niretzat, esperientzia handiko jokalari onen aurka lehiatzen baitut.

Gorengo mailan zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Hobetzen jarraitzea da nire nahia. Duela urte batzuk oso urrun ikusten nuen gorengo maila, eta ez nuen sekula pentsatu ere egin bertan jokatzera iritsiko nintzenik. Orain gero eta erosoago sentitzen naiz eta hobetzen jarraitu nahi dut.

Espainiako emakumezkoen gorengo mailan lehiatzeko asko prestatu behar al da?
Ahal dudanean entrenatzen dut, eta egunero ez bada ere, alaba arratsaldetan ikastolan egoten den denbora aprobetxatzen dut horretarako. Etxean edo Aurrera tabernan entrenatzen dut. Izan ere, inguruko txapelketetan plastikozko punta duten dardoak erabiltzen ditugu, eta horiekin entrenatzeko taberna edo espezializatutako lokal batera joan behar izaten da entrenatzeko. Etxean berriz, altzairuzko puntadun dardoekin jokatzeko diana dugu, eta bertan ere entrenatzen dut.

Zein duzu hurrengo hitzordu garrantzitsua?
Otsailaren hasieran Caceresen (Espainia) Kopako txapelketa jokatuko dugu, eta irabazleek Malasian jokatuko den Munduko Txapelketarako txartela eta bidaia lortuko dute. Orioko Aurrera tabernako bi taldek parte hartuko dugu bertan, eta nire asmoa taldeka, bikoteka, eta hiru laguneko talde mistoan parte hartzea izango da.

Malasiarako txartela irabazteko aukerarik ikusten al duzu?
Jokatzen duenak beti du irabazteko aukeraren bat. Dena dela, jakin badakit ez dela erraza izango Malasiarako txartela lortzea. Hiru laguneko talde mistoen kategoria irekia izaten da, oso jokalari onek ere parte hartzen dute eta zaila da kategorian txartela eskuratzea. Gainontzeko kategoriatan berriz, txapelketak jokalarien mailaren arabera antolatuta egon ohi dira, beraz irabazteko aukera gehiago dago.

Orioko bi talde izango zarete Caceresen. Zer dardo maila dago egun herrian?Nik uste dut oso jokalari onak ditugula herrian, eta elkar laguntzen gara gainera. Hori oso garrantzitsua da taldekako partidak jokatzerakoan, talde izaera indartzen baitu. Nik hamar urte daramatzat Orion bizitzen, eta hasieratik dardo talde bera izan dut. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta errespetu handia diogu elkarri; norbaitek akatsen bat egiten duenean ez da kexarik izaten, argi baitugu partidak taldean galtzen edo irabazten direla.

Egun dardo jokalarien gehiengoa gizonezkoa al da?
Bai, baina ahalegin berezia egiten ari gara emakumezkoak dardoetan jokatzera animatzeko. Nik uste dut gero eta gehiago garela emakumezko dardo jokalariak, eta txapelketetan antz ematen da, taldekako eta bikotekako partidetan presente baigaude. Dena dela, gehiago kostatzen zaigu bakarkako txapelketetan parte hartzea. Horregatik, uste du garrantzitsua dela gure buruan segurtasuna hartzea eta urratsa aurrera ematea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide