Ramon Carrera: “Egur-lana bukatzen ari zelako laga nion Mutiozabalen lan egiteari”

Iñigo Gaiton 2018ko abe. 4a, 20:14

Toki oso hotza zen hau lanerako; oinak, ordea, inon baino goxoago izaten nituen, beti zerrautsetan sartuta egoten zirelako! Ramon Carrerari Mutiozabalen izandako bizipen asko datozkio gogora, errio bazterrean juntatu eta hizketan hasi orduko. Bera izan zen ontziolako azken langileetako bat.

RAMON CARRERA-Mutiozabal ontziolako langile ohia-

Ramon Carrerak (Orio, 1966) egunkari zahar bati ateratako fotokopia ekarri du patrikan elkarrizketara. Orioko Berriz Gure Naia baporearen botadurari egiten dio erreferentzia 1989ko albisteak: Garai hartan, hura izan zen Kantabriar kostaldeko arrantzontzi handiena. Baporearen kaskoa Galizian eraiki zuten, hainbat oriotarren laguntzarekin; tartean ziren Ramon eta Patxi, bere aita.

Itxura ederra du baporeak egunkari zaharrean.
Bikaina zen. Armadoreak ontziak hemengoen diseinua izatea nahi zuen, eta Orioko langile batzuk Galizian izan ginen kaskoa egiten laguntzen. Bukatutakoan, San Juan baporeak ekarri zuen lotuta honaino. Aita hil zen urte berean bota zuten uretara estreinakoz.

Erriberako arotz lanetan urte luzez aritu zineten aita eta biok, ezta?
Bai. Niri aitak erakutsi zidan ofizioa. Ikasketetarako ez neukan fundamentu handiegirik, eta Mutiozabalera ekarri ninduen berarekin lanera. Nire aldean, aita artista izan zen. Ikasketarik gabe, gai zen buruan zeuzkan ideietatik abiatuz ontzien planoak sortzeko. Gure familia Txankakoa da, eta gertutasunagatik-edo, aitak Ortzaikako ontziolan ikasi zuen lanbidea. Hogeita bost urterekin egin zuen lehen baporea, 1954an: Hermanos Manterola.

Noiz hasi zinen Mutiozabalen lan egiten?
1984.urtean. Ordurako, ia ez zen egurrezko baporerik egiten. Hala ere, garai hartan Orioko moilan 30 arrantzontzi inguru izaten ziren lotuta, gehienak zurezkoak, eta haietan konponketa lan asko egiten genituen. Lanik ez zitzaigun falta aita eta bioi.

Aita hil eta gero ere, Mutiozabalen segi zenuen lanean.
Bai, baina egur-lana ahitzen ari zenez, Arostegi tailerrekoentzat ere egiten nuen lan. Erriberako arotz lanekin bakarrik, ia ezinezkoa zitzaidan bizitzeko adina diru irabaztea.

Noiz laga zenion ontziolan lan egiteari?
2008an, oker ez banago. Pena eman zidan, baina ez zegoen lanik. Garestia ateratzen da egurrarekin lan egitea!, esaten zidaten batzuek, beren enkarguentzat aurrekontuak egiten nizkienean.

Balio handia izango zuten gauzak egongo ziren han jasota: planoak, egurrezko moldeak, erreminta zaharrak...
Bai. Badaezpada ere, gureak ziren plantilla batzuk handik atera eta gorde egin nituen. Aitak egindako baporeen planoak Soco Romanori eman nizkion,
Untzi museoko lehengo zuzendariari, ontziolako hezetasunak hondatu ez zitzan. Lan egiteari utzi nionerako, ohartuta nengoen Mutiozabalen balioaz. Banekien Gipuzkoako azkenetako ontziola zela; itxi genuenean, itxura txarra hartzen hasi zen, erortzen, eta jendeak ez zion baliorik ematen. Egia esan, moilatik begiratuta haustear zegoen txabola zahar bat zirudien.

Orioko Udalak erosi egin zuen Mutiozabal, eta orain berritzen ari dira. Zein funtzionamendu izan beharko luke etorkizunean?
Ontziolak zentro bizia izan behar duela iruditzen zait. Lehen ontziak nola egiten ziren erakusteko balio dezake; tarteka, botadura baten simulazioren bat egiteko ere bai... Mutiozabal erriberako arotzaren ofizioa erakusteko baliatu nahi dutela entzun dut, baina ikuspegi profesionaletik, irtenbide gutxi ikusten dizkiot horri. Beste gauza bat da jendeak afizioagatik egurra lantzen eta txalupak konpontzen ikastea. Hori polita da.

(...)
Lehen, Orion ohikoa zen moila aldean mugimendua egotea: ontziola martxan, baporeak hara eta hona, arrantzaleak batetik bestera... Hori guztia galtzen joan da, eta urte gutxi barru, desagertu egingo dela uste dut. Ontziolaren bidez, datozen jenerazioei garai bateko ofizioen berri eman behar zaie; Orion, itsasoari eta errioari loturiko bizimodu hori existitu zela erakutsi behar da. Balio handia du horrek.

Itsas ondarearen transmisiorako erabili behar da ontziola, beraz.
Bai. Transmisio horretarako aukera ona galdu zen Berriz Gure Naia baporearekin. Arrantza gehiago ez egitea erabaki ostean, ontzia Orioko Udalari eskaini zitzaion debalde, lehorrera atera eta aurrerantzean, jendeak bapore baten barrunbeak ezagutzeko aukera izan zezan. Azkenean, ez zen halakorik lortu, eta zoritxarrez, bota egin behar izan zuten ontzia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide