Salatxo abesbatzak 25 urte bete ditu

IƱigo Gaiton 2018ko abe. 3a, 17:00

1993.urteko azaroaren 22an sortu zen Salatxo abesbatza. Santa Zezilia eguna ospatzearekin batera egin zuten lehen bilera,  eta ordutik, 25 urtetan ez diote kantatzeari utzi. Ia 400 abestiko errepertorioa da urteotan ondutako uzta, ehundaka bizipen ederrekin batera.

Amaia Cucurullek eta Eneko Olariagak 17 eta 18 urte zituzten, hurrenez hurren, Salatxo abesbatza sortzeko lehen bilera egin zenean. Garai hartan, Xabier Lizaso zen Orioko musika eskolako zuzendaria, eta korua sortzeko iniziatiba harena izan zitekeela diote biek, oso seguru ez dauden arren. Kontua da, lehen bilera hartan jende dezente juntatu ginela, tartean gazte asko, eta ilusio handia antzeman zitekeen, zehaztu du Enekok. Orio herri kantaria dela esan izan da betidanik, eta herrian koru batek ondo funtziona zezakeela ikusi zuten.

Marina Lertxundi zarauztarra izan zen Salatxoko lehen zuzendaria: Abesbatza sortu genuenean, jende askok ez zekien partiturak irakurtzen, belarriz ikasten zituzten abestiak. Marinak lan ikaragarria egin zuen jendeak solfeo maila minimo bat izan zezan. Oinarri oso ona eman zigun, gogoratu du Amaiak, Lertxundiren lanak gerora bere fruituak eman dituela azpimarratuz.

"Parranda ederrak ere bai!"

Koruaren hasierako garaiak dagoeneko urruti xamar geratu diren arren, Enekok eta Amaiak ondo gogoratzen dituzte kontzertuen ostean egiten zituzten parrandak. Gazte dezente juntatu ginen koruan lehen urtetan. Gu baino gazteago batzuk ere baziren, pentsa. Kontzertuetatik itzultzean, herriko tabernak itxi arte luzatzen genuen parranda, inoiz egunsentiak kantari argitzeraino, gogoratu du barrez Enekok. Ordu txikietan, partiturarik gabe ederki moldatzen zirela dio. 

Marina Lertxundik Salatxo txiki korua ere zuzentzen zuen urte haietan, eta hura zen beren harrobia: Orain ez dugu halakorik, penatu da Amaia. Orain Eneko eta biok gara gazteenak, eta 40 urtetik gora ditugu. Ez dugu gazteak erakartzen asmatu azken urtetan, eta zaila ikusten dugu erreleboa. Enekoren iritziz, bizitzeko erak asko aldatu dira, eta garai moderno hauetan, kirolak, adibidez, jende gehiago erakartzen du: Lehen, herrian, gazte gehienak bateratsuago ibiltzen ginen, aisialdirako eskaintza murritzagoa zelako. Gaur egun, aukera ezberdin gehiago daude, eta ohiturak aldatu egin dira.

Kantatzea gozamen

Partitura bat eskuetan hartu, irakurtzen hasi eta kantatzeak, harrapatu egiten zaitu. Niretzat, gozamena da korua, hutsune handia sentituko nuke lagako banu, aitortu du Amaiak. Koruko partaideen erdiak-edo, sorreratik daude bertan, eta Amaia da horietako bat. Enekoren kasuan, kantatzeari utzi behar izan zion hamar urtez: Itzulera ederra izan zen, sentsazio bereziak izan nituen lehen momentutik. Koruak asko ematen digu kantarioi. Denok eguneroko gurpil zoroan sartuta bizi gara, eta entseguetan, denbora eskaintzen diot nire buruari. Gainera, sozializatzeko aukera bikaina eskaintzen dit abesbatzak, jendearekin musika bezalako tresna gozagarri baten bidez konektatzen dudalako, dio Enekok.

Bidaiak eta kontzertuak

Salatxok ia 400 kantuko errepertorioa ondu du ibilbidean zehar. Abesti horiek kontzertu askotan kantatu dituzte, eta emanaldi  batzuk, gogoangarriak izan dira: Marina zuzendari zela, Kursaalen kontzertu ederra eman genuen. 20. urteurrena ospatzeko Orioko Elizan emandakoa ere berezia izan zen guretzat. Hala ere, kontzerturik gogoangarriena koruak aurrena kantatutakoa da niretzat. Jendetza juntatu zen elizan, hunkigarria izan zen, gogoratu du Amaiak.

Urtez urte, Salatxoko kideek bidaia dezente egin dituzte, inguruko herrietatik hasita Katalunia, Portugal eta Norbegia ere bisitatzeraino. Herrialde horietan emandako kontzertu guztiak izan dira desberdinak: Horretan eragin handia du zuzendari bakoitzaren estiloak. 25 urte hauetan, hiru izan ditugu: Marina Lertxundi, Idoia Azurmendi eta Igor Arroyo, argitu du Enekok. Gaur egun, koruak freskotasun handia duela dio, zuzendaria berrikuntzak sartzen saiatzen delako: Igorrekin, adibidez, moldagarriak izaten ikasi dugu. Kontzertu klasiko bat eman dezakegu Errenazimenduko abestiekin, eta hortik gutxira, zerbait modernoagoa eskaini, mugituagoa. Horren adibide dira, 25. urteurrenaren harira emandako kontzertuak: La Jodedera taldearekin Orioko plaza dantzan jarri genuen sanpedroetan; Salamancan, berriz, emanaldi klasikoa eskaini genuen goraino bete zen eliza batean.

25.urteurreneko kontzertu berezia Karelan

Herrigintzan era askotan jardun daiteke; Salatxoko kideak kantari saiatu dira Orioko kultur eragile ezberdinekin harremanak sendotzen: Herriko taldeek laguntza eskatu digutenean, beti eman dugu baiezkoa. Edozertan parte hartzeko prest azaldu gara beti, dio Amaiak. Emateaz gain, bueltan ere asko jaso izan dutela dio.

Azaroaren 24an, larunbatarekin, Salatxok kontzertu ederra eman zuen Karelan. Kiroldegiko harmailak herritarrez goraino bete ziren emanaldia hasterako, eta kontzertuak iraun zuen ia bi orduetan, emozio une bereziak bizi izan ziren. Abesbatzak kontzertu bizia eskaini zuen, dinamikoa; abesti klasikoak eta modernoagoak dotore uztartu zituzten, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin: Olatz Zugasti, Xabier Lizaso, Asier Gozategi, Harribileko dantzariak, Danbolin musika eskolako ikasleak...

Urteotan egindako lanaren lagin ederra izan zen 25.urteurreneko kontzertua. Salatxoko kideak apaltasunez aritu dira lanean urte hauetan guztietan, eta azaroaren 24an,  igurtzi gozoa jaso zuten herritarrengandik; datozen 25 urteetan berdin segi dezatela opa nahi izan zieten, txalo zaparrada bakoitzarekin.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide