Hondakin organikoaren edukiontziak ikuskatzeko kanpaina hasi dute gaur Orion

Karkara 2018ko aza. 27a, 11:19

Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaileek etxe atarietan idatzi bat jarri dute, ikuskatze lanak egingo dituztela azalduz.

Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaileak hondakin organikoaren edukiontziak ikuskatuko dituzte datozen egunetan

Hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zutenetik hainbat akats identifikatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, hondakin organikoari dagokionean, eta horiei irtenbidea emateko Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakin organikoaren erabilera ikuskatzeko kanpaina martxan jarri dute. Gaur hasi dira udal elkarteko hezitzaileak Orion lanean, eta egunean zehar etxe atarietan idatzi bat jarriko dute, ikuskatze lanak egingo dituztela azalduz. Bestalde, datozen egunetan erabiltzaileek botatzen dutena aztertzeaz gain, hezitzaileek gomendioak emango dizkietela herritarrei, eta behar izanez gero, ohartarazpenak ere egingo dituzte.

Hiru akats nagusiak
Alde batetik, irailean eta urrian egindako karakterizazio azterketetan ikusi dute, biohondakinen edukiontzira plastikozko poltsak, ontzi arinak eta errefusa ere botatzen dituztela zenbaitek.

Bestetik, ohartu dira konpostagarriak ez diren poltsen erabilera ugaritu egin dela.

Horrez gain, nabarmendu dute poltsa ugari agertzen direla edukiontziaren ondoan lurrean utzita. "Oraindik ere edukiontzien eremuetan plastikozko poltsa beltz handiak uzten dituzte zenbait sortzaile handik lurrean botata, edo edukiontziaren barruan", azaldu du udal elkarteko lehendakariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide