Gaur eta bihar Orioko Erregetako Kabalgatako danborradan izena eman ahal izango da

Karkara 2018ko aza. 19a, 09:51

Antolatzaileak kultur etxeko lehen solairuan izango dira 17:30etik 19:30era, eta bertan eman beharko dute izena haurrek. 

Talai Mendi Elkarteak hainbat hamarkadatan zehar antolatu izan du Erregetako Kabalgata Orion, baina urtarrilean 2018koa azken urtea izango zela jakinarazi zuen elkarteak, eta orain Orioko Udalak eta herritar talde batek hartu du Erregetako Kabalgata antolatzeko ardura.

Erregetako Kabalgatako danborradan izena-ematea gaur eta bihar izango da. Antolatzaileak kultur etxeko lehen solairuan izango dira 17:30etik 19:30era, eta bertan eman beharko dute izena haurrek. 

Horrez gain, kabalgata antolatzeko boluntario bila ere badabil lan taldea, eta oriotarrak ekimenean parte hartzera animatu dituzte. Hiru azpi-talde sortu dituzte. Talde bat danborradaz arduratuko da, entseguez eta kabalgata egunean danborradaren martxaz. Bigarren taldeak kabalgataren segurtasuna kudeatuko du, eta azken taldea erregeen jantziez eta makillajeaz arduratuko da.

Hainbat aldaketa
Urriaren 23an egin zuten kabalgata antolatzeko lehen batzarra, eta lehen aldi horretan jende gutxi animatu bazen ere, bigarren deialdian erantzun ona izan zuten herritarrek, eta 15 laguneko lan taldea osatu dute. Orioko Udaleko kultur arduradun Uhaina Atxotegik azaldu duenez, udala "oso gustura" dago oriotarrek izan duten erantzunarekin. "Taldetan banatu gara, eta lanak banatu ditugu gure artean. Jakin badakigu lehen kabalgata izango dela antolatzen zailena, baina urtez urte hobetzen joatea espero dugu".

Aurtengo Erregetako Kabalgatak hainbat desberdintasun izango ditu aurrekoekin alderatuta. Alde batetik, orain arte neskek panderoa eta mutilek danborra jo izan dute Erregetako Kabalgatan. Aurrerantzean ordea, LH 1. eta 2. mailako neska-mutilek panderoa joko dute, eta LH 3. mailatik 6. mailara bitartekoek eta nagusiagoek panderoa, upela edo danborra jo ahal izango dute.

Bestetik, jantziei dagokionean ere aldaketak izango dira. Ohituraz neskak baserritarrez janzten ziren, eta mutilek aurpegia beltzez margotuta eta kapa zuria eraman ohi zuten. Dena dela, lan talde berriak erabaki du neskak nahiz mutilak baserritarrez janztea hemendik aurrera.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide