Aritz Lertxundi: "Lehen mailan gogor lehiatu behar da partida irabazteko"

Karkara 2018ko aza. 13a, 17:00

Aritz Lertxundi finalerdian sakea egiten.

Azaroaren 4an, Orioko Pilota Elkarteko Aritz Lertxundik eta Ibon Aranaldek mailaz igotzea lortu zuten. Aurrerantzean nagusien kategorian Gipuzkoako Lehen mailan jokatuko dute pilotari oriotarrek.

ARITZ LERTXUNDI - Pilotaria

Azken partida ez zenuten irabazi, baina mailaz igotzea lortu zenuten, zer dela-eta?
Egia da, ez genuen finalerdia irabazterik izan, eta pena horrekin geratu gara. Izan ere, txapelketa nahiko ona egin dugu, partidak nahiko erraz irabazita, baina finalerdiko partida ez zen guk nahi bezala atera, eta galdu egin genuen. Txapelketako lehen hiru bikoteak sailkatzen dira lehen mailan jokatzeko, eta guk finalerdia irabazi ez bagenuen ere, beste finalerdiko galtzaileek 18 tanto egin zituzten, eta guk 19. Beraz, hirugarren postuan sailkatu gara, eta mailaz igotzea lortu dugu. Gustura gaude, txapelketa hasi genuenean, gure helburu nagusia lehen mailara igotzea baitzen.

Ezustean harrapatu al zizuen albisteak?
Ez, partida hasterako bagenekien beste finalerdiko galtzaileek 18 tanto egin zituztela, guk baino lehenago jokatu baitzuten. Partida bukatu genuenean bagenekien lehen mailara igoko ginela.

Orain arte bigarren mailan aritu al zarete beti?
Ez, duela hiru urte hasi ginen Ibon Aranalde eta ni Orioko Pilota Elkartearen izenean bikote moduan jokatzen, eta hirugarren mailan jokatzen hasi ginen. Lehen urtean bigarren mailara igo ginen, txapelketa irabazita, eta bi urte egin ditugu kategoria horretan.

Denbora behar al du bikoteak talde izaera hartzeko?
Gu txikitatik ezagutzen gara. Lehen Añorgako Pilota Elkartean jokatzen genuen, baina inoiz ez dugu bikote bezala jokatu, Aranalde ni baino zaharragoa delako, eta kategoria desberdinetan lehiatzen genuelako. Hala ere, ondo ezagutzen dugu elkar, Orion pilota goxoarekin beti jokatu izan dugulako elkarrekin, eta harreman oso estua izan dugulako.

Dena dela, aitortu behar dut, hasieran kantxan bikote bezala jokatzea zertxobait kostatzen dela, baina partidak jokatu ahala elkar ulertzea lortzen da.

Bigarren mailatik lehenengora salto handia al dago kirol arloan?
Bai, lehenengo mailan partidak irabazteko gogor lehiatu behar izaten da, eta bigarren mailan denetarik dago, bikote onak eta baita maila baxuagoa dutenak ere. Horregatik, gustura gaude, aurrerantzean herrian jokatzen diren partidak erakargarriagoak izango direlako publikoarentzat. Horrek, herritarrak pilotara gerturatzea espero dugu, eta frontoi inguruan berriz bizirik ikustea. Finalerdian esaterako harrituta gertu nintzen, ikusle dezente bildu baitzen pilotalekuan. Poza eman zidan frontoia beteta ikusteak, eta uste dut Orioko Pilota Elkartetik umeekin eta gaztetxoekin egiten ari garen lanaren fruitua ere badela; haurrak eta horien gurasoak gerturatu baitziren pilota partida bertatik beratara ikustera.

Lehenengo mailan jokatzeko entrenamenduak aldatu egin beharko al dituzue?
Guk Villabonako taldearekin entrenatzen dugu. Izan ere, gure kategoriako elkarteko bikote bakarra gara, eta entrenatzeko beste bikote baten beharra genuenez, Villabonako taldeak elkarrekin entrenatzeko proposamena egin zigun. Entramendu saio ederrak egiten ditugu, baina lehenengo maila exigenteagoa denez, agian alderdi fisikoa gehiago landu beharko dugu. Dena dela, orain arteko erritmoan nahiko txukun ibiliko garela uste dut.

Lehenengo mailatik kategoriaz igotzeko aukerarik ba al dago?
Guk bikote bezala beti pentsatu izan dugu, lehenengo mailako pilotariak garela. Hala ere, mailaz igotzea asko kostatzen da, partida gehienak irabazi behar baitira horretarako. Gure ustez lehenengo mailan ondo moldatuko gara, baina zaila ikusten dugu Gipuzkoako Ohorezko mailara saltoa egitea, punta-puntako pilotariek jokatzen dutelako kategoria horretan. Dena dela, saiatu saiatuko gara.

Antza denez, Gipuzkoan bada pilotan jokatzeko aukera mordoa, ezta?
Bai, haur eta gazte mailan aukera oso zabala dago. Nagusi mailan ordea, txapelketa garrantzitsu gehienak 23 urte azpiko jokalariei zuzenduta egon ohi dira, profesionaletara igotzeko puntuan dauden gazteei bideratuta alegia, eta guk ez dugu aukerarik horietan parte hartzeko. Gu normalean Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan aritzen gara. Hala ere, urte guztia nahiko beteta izaten dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide