Ka Ke Ki Ko Ku

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2018ko urr. 31a, 10:00

Askotan, gehiegitan jendeari euskara hizkuntza zaila dela entzun diot. Bai euskara ikasteko ariketarik egin ez duenari, bai euskaldun berriari, baita euskaldun zaharrari ere. Hara bada, hemen deskubrimendua, niretzat ez zen zaila izan euskara ikastea. Are gehiago, ez dut ezagutzen gure hizkuntza etxean jaso eta txukun eta artez hura hitz egiteko kapaza ez den umerik.

Gaztelania bai zaila, ordea. Konplikatuetan konplikatuena. 9 urterekin hasi nintzen ikastolan gaztelania ikasten. Aurrez xurgatuko nuen telebistan-edo hitz bat edo beste, baina hori izango zen nire kontaktu bakarrenetarikoa. Izan ere, familiako elementu exotiko bakarra arraro hitz egiten zuen izeba nafarra zen, euskaldun berria bera. Andereño Belenek Ka-ke-ki-ko-ku erdaldunek nola idazten zuten azaldu zigunean behatza begi bazterrera eraman eta mugitzen hasi nintzen. Ordurako ikasia nion Obelixi, erotuta daude espainol hauek. Pentsa tildeen mobida kontatu zigutenean.

Pasa dira urte batzuk. Eta onar dezadan, urrats batzuk aurrerago banaiz gaur. Halere, oraindik badut nahikoa arazo genero kontuetan. –as, -os eta @. Faborez, neutroa den errazarekin.

Azaroaren 23tik abenduaren 3arte Gazteleraldia balitz, ni orejalista izango nintzateke ziurrenik, bocavivarako mailarik ez dut eta. Batez ere astelehen goizetan, asteburuko barnetegi efektuaren ondoren izaten dudan herdoilarekin mingainean.

Baina Euskaraldia da antolatu dutena. Nahikoa ahobizi banaiz ere, hamaika egun horietan txapa bat eramango dut paparrean hori esanaz. Eta eraman egingo dut, behingoagatik artaldearen barruan ibili nahi dudalako. Talde ariketa bat izango baita. Gure-gurea.

Berezia izango delakoan naiz. Ea nork harritzen gaituen haren paparraldea begiratzen. Makina bat belarriprest eta ahobizi ezagutzeko parada emango digu honek. Eta nork jakin, agian euskararen erabilera hobetzeko baino lagunak egiteko eta bestelakoak lortzeko aukera ere etorriko zaigu.

Azken oharra, aurreko ostiraleko bakarrizketan aditua. Gogoratu ahobizi izateak ez digula hitz egiteko eskubide guztierekoa ematen. Ez dadila bihurtu txapa eramatea txapa izatearen sinonimo.

Hortxe erronka, gure hitzak neur ditzagun, bere zentzurik zabalenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide