Ibai Esoain: "Anguletara joandakoan izandako bizipenak kontatu ditut bertsotan"

Karkara 2018ko ira. 5a, 18:00

Asteartean jaso zuen Ibai Esoainek Basarri Saria Zarautzen. (Zarauzko Hitza)

Ibai Esoainel XXXVIII. Basarri Saria irabazi du, eta asteartean jaso zuen bertsopaper lehiaketako saria Zarautzen.

34. Basarri Sariketako lehen saria irabazi berri duzu. Ezustean harrapatu al zaitu berriak?
Normalean horrelako sariak ez dira espero, eta ezusteko pozgarria izan zen. Basarri Saria irabazten dudan lehen aldia izan da. Duela hiru bat urte igeldoar batekin bertso sorta egin eta Basarri bertsopaper lehiaketara bidali genuen. Bigarren saria eskuratu genuen, baina haren izenean aurkeztu genituenez, lehiaketa honetan saria irabazi dudan lehen aldia izan da.

‘Siga Saga’ izeneko bertso sortarekin irabazi duzu. Espresuki Basarri Sariketarako sortu al zenituen bertsoak?
Angulei buruzko pare bat bertso buruan nituen, eta Basarri Saria lehiaketa garrantzitsua denez, gaia sakonago landu eta bertso sorta aurkeztea erabaki nuen. Berriz ere bertso berriak sortzeko aitzakia polita izan da Basarri Saria.

Nolatan bururatu zitzaizun angulen gainean bertso sorta sortzea?
Ni anguletan aritzen naiz, eta anguletara joaten garenean denbora libre asko izaten dugu, angula gutxi harrapatzen dugu normalean-eta. Horrela sortu nituen bertso pare bat, anguletako bizipenak kontatuz.

Gaiaren berezitasunak epaimahaia harrapatu duela uste al duzu?
Gaia nahiko bitxia da, originala. Euzkitzek gai potoloagoa aukeratu du, emakumeen aurkako indarkeria, egun puri-purian dagoen gaia. Anguletako ibilerak gai arinagoa da, baina era berean gustagarria izan daiteke.

Zure denbora librean bertsoak idazteko ohiturarik ba al duzu?
Bertso gutxi idazten ditut. Nire barnean bertsoak sortzen ditut, baina ez dut horiek idazteko ohiturarik. Basarri Sariko bertso sorta ere horrela sortu nuen, nire buruari kantatutako bertso pare bat nituen, eta horiei segida eman nien. Bururatu eta egin.

Nola sentitzen zara erosoago bertsotan, idatziz edo bat-batekoan?
Nik bat-bateko jendaurreko saioak utzita ditut. Izan ere, oso prestatuta egon behar da, eta horrek denbora eskatzen du. Idatziz exijentzia maila handiagoa bada ere, bertsoak sortzerakoan eta idatzitakoa kantatu behar denean lasaiago egoten naiz. Bat-bateko saioetan beste estuasun batzuk izaten dira.

Bat-bateko saioak utzita badituzu ere, bertsolaritzarekin erlazionatutako beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Bai, bertsoa gustatuz gero zaila da guztiz uztea. Hasteko bertsozalea naiz, eta inguruko saioetara eta txapelketetara entzule moduan joatea gustatzen zait. Bestetik, azken urtetan hainbat kultur proiektutan parte hartu dut, eta gehienak bertsoarekin erlazionatutakoak izan dira. Gaur egun esaterako, haurrak bertsoaren mundura erakartzeko emanaldi batekin nabil batera eta bestera, ipuinak eta bertsoak uztartuz. Duela hiru urte abiatu nuen proiektua eta emanaldi dezente izan ditut. Oso gustura nago, saioak haurren artean harrera ona duelako.

Basarri Saria irabazteak, beste lehiaketa batzuetara aurkeztera animatu al zaitu?
Denborak esango du, baina ez dut pentsatu hemendik aurrera bertso paperak idazten hasterik. Oraingoan bezala gai interesgarriren bat bururatu eta bertso sorta idaztera animatzen banaiz, aurkeztuko dut. Hala ere, ez da pentsatuta dudan zerbait.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide