Gaztea izanagatik, ibilbide luzea egin du Intza Unanuek (Orio, Gipuzkoa, 1996) kantagintzaren bidezidorretatik: haurra zela, Olatz Zugastiren kantagintza klaseetan hasi zen eskolan; ohartzerako, oholtzara egin zuen jauzi, Benito Lertxundiren taldearekin. Lertxundik diskoa aterako du udazkenean; hango abestiak eta lehengoak entzun ahal izango dira bihar Zarauzko (Gipuzkoa) kiroldegian, 21:00etan. Oholtzan izango da Unanue ere.
Zer da musika zuretzat?
Ume-umetatik poztu nauen zerbait da musika. Orain, ihesbidea ere bada; abestiak idaztea sentitzen duzuna ateratzeko modu bat da.
Eskolan ekin zenion ibilbideari.
Ni beti ispilu aurrean aritzen nintzen kantatzen. 8 urte ingururekin, kanta klaseak zeudela ikusi nuen, eta izena eman nuen. Oso oroitzapen onak ditut: asteazkenetan edukitzen genuen entsegua, eta amari esaten nion: «Asteazkena asteko egunik onena da niretzat».
Olatz Zugasti izan duzu gidari hasieratik. Nor da Zugasti zuretzat?
Kantagintzaren munduan, nire ama. Urte asko daramatzat berarekin; haren bidez sartu nintzen Benitoren taldean ere. Nik Olatzekin ikasi dut kantuaz eta musikaz dakidan dena.
Benito Lertxundiren taldean hasi zinen 14 urterekin. Nolaz?
Aurretik ezagutzen nuen Benito, Olatzen etxera entseguak egitera joaten nintzenetik. Ez nago seguru, baina oso natural izan zen, nahigabe bezala; Benitok abeslari bat behar zuen; probatzera joan nintzen, eta ohartzerako barruan nengoen.