Kronika: 'Orio Plaça de nou'

Jon Agirresarobe 2018ko uzt. 20a, 10:40

Jon Agirresarobek kronika idatzi du, Kataluniako Castellers de Villafrancakoek joan den uztailaren 14ean Orion emandako erakustaldiaren bueltan.

Castellers de Vilafranca taldeak bederatzi pisuko giza-dorrea eraiki zuen pasa den uztailaren 14ean Orioko plazan. Aurrez ez zen Euskal Herrian parekorik egin, Bordatxotik udaletxera bitarteko espazioa da lehen plaça de nou edo bederatziko plaza. Bada beste datu bat, ordea: Herrialde Katalanetatik kanpora ez daude munduan bederatziko plaza asko, guztira bost: Hangzhou eta Xangai txinatarrak, Thane indiarra, Milan Italian eta Orio Euskal Herrian. Bideoak 25.000 ikustaldi izan ditu lau egunetan, izan ere, ez da marka samurra Castellers de Vilafrancak Orion egin zuena.

Bezperan, Alegian eta, larunbat goizean, Oreretan, zortzi pisuko dorreak egin zituzten. Baina Castellers de Vilafranca taldeko kideek berotasun handia sentitu zuten Orioko herriak eskaini zien harreran. Toni Bach-ek azaldu digu zer sentitu zuten, Cap de Colla lanetan aritzen da Bach, bera da taldeko entrenatzailea eta agintari nagusia: “Herriak bihurtzen du plaza bederatzikoa. Jendea animatzeko eta laguntzeko zegoen, oriotar asko animatu zen giza dorrean sartzera eta ez genuen zalantzarik egin”. Irudien arabera ehun oriotar inguru jarri ziren taldekideen esanetara. Garbia izan zen kargatzea eta deskargatzea, arazorik gabe burutu zuten.

Euskal Herrian lehena eta Herrialde katalanetatik kanpo bosgarrena izan da Orion egin zuten bederatzikoa. Wikipediak ez du oraindik balentria dokumentatu, baina taula honetan dituzue aurrekari guztiak: munduan 142. bederatziko plaza izan da Oriokoa, baina Herrialde Katalanetatik kanpo bosgarrena.

Datu gisa, bi aste lehenago Gironako Lloret del Mar herria bihurtu zuen bederatziko plaza Castellers de Vilafranca taldeak. Gironako kostaldetik Vilafranca del Penedes herrira bizitzera joana da Toni Bach bera. Rem Santa Cristina taldean arraunlaria izana, 1996 aldera ezagutu zituen Donostiako Estropadak eta Orio Arraunketa Elkartea. “Alkondara berdearekin aritzen gara baina bihotza horia daukagu, orain inoiz baino gehiago” dio Bach-ek. Ostegunean Jon Salsamendiren ontzian izan zen traineruaren entrenamendua ikusten.

Bederatzikoaz aparte zortzi pisuko 9 dorre, 10 zazpiko eta pertsona bakarreko giza dorre ugari egin dituzte Vilafrancakoek. Bederatzikoak utzi du, ordea, etxeko-lanik: bederatziko plaça markatu egin behar da, alegia, balentria gogora ekarriko duen irudi edo plaka jartzeko ohitura izaten da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide