Bisiguaren Festa aurkeztu dute Basque Culinary Center sukaldaritza eskolan

Karkara 2018ko uzt. 5a, 13:47

Uztailaren 12tik 15era bitartean, Bisiguaren Festa Orio Estilora jaialdi gastronomikoak jatetxe bihurtuko du Orioko plaza.

Gaur goizean, Bisiguaren Festa aurkeztu dute Donostiako Basque Culinary Center (BCC) goi mailako sukaldaritza eskolan. Han izan dira Orioko Udaleko ordezkariak eta Jose Migel Zendoia eta Luis Mari Uranga parrilleroak, Joxe Mari Aizega zentroko zuzendariarekin batera.

Jose Angel Zalduak, Orioko alkateak, eskerrak eman dizkie BCC-ko arduradunei lehen hitzartzean, ekimen gastronomikoa bertan aurkezteko aukera eskaintzeagatik. Jarraian, Joxe Mari Aizeagak hartu du hitza. Hark nabarmendu duenez, euskal kultura gastronomikoak, besteak beste, hiru oinarri nagusi ditu: produktua, ospakizunak eta tradizioa. Orioko Bisiguaren festa laguntzea eta gizartean zabaltzea garrantzitsua da, Aizeagaren iritziz, aipaturiko oinarriak indartzen jarraitzeko. Asko bidaiatzen dugu, eta jatetxeetako kartetako eskaintzetan dezentetan ikusten da `Bisigua Orio Estilora´. Hori ez da lortzen erraza, adierazi du.

Carmen Oteiza eta Imanol Alguacil, aurtengo omenduak

Lourdes Salsamendik, Orioko Turismo eta Kultura zinegotziak, Uztailaren 12tik 15era bitartean izango den egitarauko hainbat puntu nabarmendu ditu jarraian. Besteak beste, aurtengo festan omenduko diren herritarren izenak eman ditu argitara: Imanol Alguacil eta Carmen Oteiza, Jorge eskultorearen arreba.

Batetik, aurtengo denboraldian Realeko entrenatzaile gisa egindako lanagatik omenduko dute Alguacil. Bestetik, Salsamendik adierazi duenez, Madrilen bizi den Carmen Oteiza da adinik zaharrena duen oriotarra -106 urte- eta horregatik omendu nahi dute. Gainera, Orioko herriak eta Oteiza familiak harremana nahikoa galduta izan dute azken urtetan, eta omenaldi hau aukera polita izan daiteke berriz gerturatzeko, gehitu du zinegotziak.

Menua

Aurtengo menua, iaz bezala, Orioko hondartzako Galerna jatetxekoek zerbitzatuko dutela aurreratu du Salsamendik: urdaiazpiko iberikoa, tomate entsalada hegaluzea eta antxoekin, legatz kokotxak saltsan, bisigua erreta eta postrea. Txartelak 55 euroko prezioan eros daitezke.

Vilafrancako Castellersen bisita

Aurtengo Bisiguaren Festak badu berezitasun bat, zinegotziaren iritziz: Vilafrancako Castellersen ikuskizuna. Kataluniarrentzat ere berezia izango da Orioko erakustaldia, ohiko zortzi pisuko giza dorrea beharrean bederatzikoa osatzeko saiakera egingo dutelako.

Jose Migel Zendoiak hartu du hitza segidan, hiru parrilleroen izenean. Haren esanetan, lau egunetan jende askoren laguntza izango dute bisiguak behar bezala erretzeko, eta eskerrak eman dizkie denei. Nabarmendu duenez, bisiguak Tarifatik ekartzen saiatuko dira, hangoa baita dagoen onena. Oriok bisiguarekin eta parrillarekin duen tradizioari gorazarre eginez itxi du hitzartzea Zendoiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide