Hamabi urtez harri-jasotzen aritu eta gero, kirola uztea erabaki duzu. Zer dela-eta hartu duzu erabaki hori?
Faktore askok eragin dute erabakia hartzerakoan, eta aspalditik nenbilkien ideia buruan bueltaka. Bularreko hezurrean lesioa izan nuen; ehun kiloko bolarekin marka saiaketa bat prestatzen ari ginen, eta minez hasi nintzen. Amari gaizki sentitzen nintzela esan nion, eta ni harri-jasotzen jardutea inoiz gustatu ez zaionez, "harri zahar" horiekin min hartuta egongo nintzela erantzun zidan. Medikuarengana joan ginen, eta hark esan zigun hezurra eta kartilagoa ukituta nituela, eta bolarekin aritzea galarazita nuela, bestela lesioa betirako izan nezakeela-eta. Arnasa hartzerakoan edo eztula egiterakoan min ematen zidan, eta segituan utzi nion marka saiakera prestatzeari.
Horrez gain, ilusioa ere galdu dut. Nekatu egin naiz, eta Euskadiko txapelketa harri-jasotzea uzteko aukera aproposa izan zitekeela pentsatu nuen.
Zer moduz joan zen zure azken txapelketa?
Oso maila polita eman genuen hiru harri-jasotzaileok, eta borobila atera zen txapelketa. Txapela nik irabazi banuen ere, Karmele Gisasolak eta Julia Martinezek lan bikaina egin zuten. Ez daramate denbora asko harri-jasotzen, eta horiek egindako lana aitortu beharra dagoela uste dut.
Harri-jasotzea utziko nuela erabaki nuenean Karmele Gisasolari eta Julia Martinezi deitu nien, nire erabakiaren berri emateko. Agur moduan Euskadiko txapelketa jokatu nahi nuela adierazi nien, eta ahal bazuten eta nahi bazuten beraiek ere parte hartzeko eskatu nien, gutxieneko parte-hartzaile kopurua behar baita txapelketa antolatu ahal izateko. Hurrengo egunean bertan deitu zidaten federazioan izena eman zutela eta entrenatzen hasteko esanez. Horregatik, azken txapela beraiei eskaini nien, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako harri-jasotzeari eta urtetan babestu nauten talde guztiari eta zaletuei merezi duten agurra ematea.
Emakumezkoen harri-jasotzean erreferentea izatea lortu duzu urte guzti hauetan.
Nik uste dut hamabi urtez harri-jasotzen aritu naizelako lortu dudala erreferente izatea. Denbora tarte horretan emakumezko harri-jasotzaile gehiago ere izan dira, baina urte gutxi egin eta utzi egin dute denek. Nik berriz plazetan jarraitu dut hamabi urtez, eta hori izan da gakoa. Horrez gain, komunikabideek eskaini didaten oihartzuna ere garrantzitsua izan dela uste dut. Igandean Emakumezkoen Euskadiko Harri-Jasotze Txapelketa irabazi nuenean, hainbat egunkari eta telebistatan agertu zen albistea, eta Euskal Herri osora zabaldu zen berria. Ondorioz, azken egunetan sare sozialetan lagun eskaera mordoa izan ditut.
Izan ere, marka saiakeraren bat egiten denean edo txapelketaren bat irabazten denean ohikoa izateni da oihartzun mediatikoa, eta ni neu sare sozialen bidez oihartzun horri jarraipena ematen saiatu naiz beti. Erakustaldi, marka saiakera eta txapelketen berri eman izan diet beti nire jarraitzaileei sare sozialen bidez.
Hala ere, zuk egin dituzun markak eta irabazi dituzun txapelketak ere ezinbestekoak izan dira erreferentzialtasuna lortzeko bidean, ezta?
Noski baietz. Zorionez, egin ditudan marka saiakera guztiak ondo atera zaizkit, eta jokatu ditudan txapelketa guztiak irabazi ditut. Azken hamabi urteak oso onak izan dira niretzat, eta ez ditut sekula ahaztuko.
Dena dela, esan behar dut bide luze hori ez dudala bakarrik egin, taldeak egin duen lana eta eman didan babesa oso garrantzitsuak izan baitira. Entrenatzailearen lana, nire anaien bultzada eta gainontzeko harri-jasotzaileek eman didaten babesa ezinbestekoak izan dira nire harri-jasotze ibilbidean. Horiei guztiei esker lortu ditut txapelak eta gainditu ditut marka saiakerak.
Zure gaztaro osoa markatu al du harriak?
Bai, harriak asko eman dit, baina beste gauza asko ere baztertuarazi dizkit. Ni hamahiru urterekin harri-jasotzen hasi nintzenean banekien beste kirolik ezingo nuela egin. Denboraldi batez, futbolean eta harri-jasotzen ibili nintzen, baina azkar ohartu nintzen ez zirela bateragarriak. Futbola niretzat ihesbide modukoa izan zen, talde oso polita bildu ginen Orioko Futbol Taldean, eta gustura jardun nintzen futbolean. Hala ere, harria probatu nuenean konturatu nintzen nire kirola harri-jasotzea zela.
Inoiz damutu al zara harri-jasotzen aritzeaz?
Sekula ez. Oso egoki eta eroso sentitu naiz beti harri-jasotzearen munduan, eta ez dit beste ezerk atentziorik eman; beti pentsatu izan dut nire kirola onena zela.
Azken urtetan bultzada handia izan du harri-jasotzeak inguru honetan. Indartsu ikusten al duzu kirola?
Bai, gero eta gazte gehiago animatzen dira harri-jasotzera, baina gehienak mutilak dira, neska oso gutxik probatzen dute kirola. Nik herri-kirolak atsegin dituzten neskak harri-jasotzea probatzera animatuko nituzke, oso kirol polita baita.
Hala ere, pixkanaka emakumeek plazetan presentzia izatea lortu dute. Emakumeen harri-jasotzean aldaketarik nabarmendu al duzu azken hamarkadan?
Nik neuk antz eman dut diferentzia, erakustaldietan eta zaletuek gure lanean jartzen duten arretan batez ere. Horrez gain, errespetu handiagoarekin lantzen dute orain komunikabideek emakumezkoen harri-jasotzea. Konturatu gabe eta nahi gabe, emakumezkoen kirolari bultzada ematen lagundu dudala esan didate askok, eta horrek benetan pozten nau.
Hala ere, aitortu behar dut harri-jasotze munduan ni ez naizela sekula gutxiago sentitu emakumea izateagatik; alderantziz, beti babestua sentitu izan naiz. Hamahiru urte nituenetik, harriekin plazara iristen nintzenean, gainontzeko harri-jasotzaileei baino gehiago laguntzen zidaten antolatzaileek eta kideek.
Zure ibilbidean zehar beti nabarmendu izan duzu harri-jasotze munduarengandik babestua sentitu zarela.
Bai, eta uzteko erabakia jakinarazi dudanean are gehiago. Urtetan plazatan babestu naute zaletuek, eta uzteko erabakia ere begi onez ikusi dute gehienek. Beste batzuk, 25 urterekin oraindik onena emateko nagoela ere aipatu didate, baina ez dira gogoratzen hamabi urtetan zehar izan ditudan lesio guztiez. Askotan egon naiz min hartuta, eta nahiago izan dut kirola nik neuk nire borondatez utzi. Ez nuen herri-jasotzea lesio batek behartuta laga nahi, eta Euskadiko txapela irabazita uztea erabaki dut.
Aurrerantzean zer egingo duzun pentsatu al duzu?
Udan zehar erakustaldiak ematen jarraituko dut, hitzartuta baititut hainbat saio, baina lasai-lasai, beste modu batera. Urte guzti hauetan nire bi anaiek, Imanolek eta Gorkak, asko lagundu didate, eta beraiekin zorretan sentitzen naiz. Anaia, Gorka Etxeberria ere harri-jasotzen ibiltzen da, eta berari laguntzen jarraituko dut entrenamenduetan eta plazetan. Hortaz, harri-jasotzearen munduan murgilduta jarraitzeko asmoa dut.