Antzinako euskal ezkontzan 200 lagunek parte hartuko dute, larunbatean

Karkara 2018ko eka. 28a, 15:00

Euskal ezkontzarako emaztegaiaren gurdia muntatu zuten antolatzaileek astelehenean.

Euskal Jai Egunean oriotarrak baserritarrez eta arrantzalez janztera animatu dituzte antzinako euskal ezkontzaren antolatzaileek

Larunbatean, Euskal Jai Egunean, oriotarrek denboran atzera egingo dute, eta antzinako euskal ezkontzak nolakoak izaten ziren bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herrigunera bertaratzen direnek. Iaz Iñude eta Artzainen Konpartsak herritarren artean izan zuen harrera ona ikusita, aurten Euskal Jai Egunean garai bateko euskal ezkontza antolatzea erabaki du dantzari ohiez osatutako oriotar talde batek.

Desagertuta egon ondoren, 2011n Soka Dantza errekuperatzeko biltzen hasi zen herritar taldea, eta ordutik urtero egin dute Soka Dantza herriko jaietan. Dena dela, San Pedro Jaiek pizgarri bat behar zutela ikusi zuten dantzari ohiek, eta Euskal Jai Eguna antolatzea otu zitzaien. "Duela 35 urte inguru Orioko Udala hasi zen San Pedro Jaietan Euskal Jaia antolatzen, baina ez zuen jarraipenik izan, eta hori berreskuratu nahi izan dugu. Izan ere, oriotar asko joaten da Zarauzko Euskal Jaira baserritarrez jantzita, eta euskal jaietako giroa Orion ere zabaldu nahi genuen", azaldu dute antolatzaileek.

Hainbat ideia aztertu ondoren, aurten antzinako euskal ezkontza egitea erabaki dute. Dena dela, ez da herrian euskal ezkontza antzezten den lehen aldia izango. "Aspaldi Orioko Ikastolak egin zuen antzinako euskal ezkontza bat ikasleekin, kalejira-antzerki moduko bat izan zen, baina ez zuten dantzik egin. Gure ikuskizunak berriz, bi ardatz nagusi izango ditu, dantza eta antzerkia".

Alde batetik, garai bateko euskal ezkontza antzeztuko dute parte-hartzaileak, baina hainbat aldaketa egin dituzte garaiko ospakizunarekin alderatuta. "Bere garaian bi-hiru egunetako ezkontzak izaten ziren, eta goizean goiz, 07:00ak inguruan, ezkontzen ziren bikoteak. Guk egun batean antzeztuko dugu dena, eta ordutegia ere moldatuko egin dugu, 07:00ak ez baita herritarrak erakartzeko ordutegirik egokiena. Horregatik kontratua 10:30ean sinatuko dute bi familiek, herriko plazan".

Bestetik, dantzak ere garrantzi handia izango du ikuskizunean, eta dantza egitera ohituta ez dauden lagunek erraz ikasi ditzaketen dantzak landu dituzte. "Izan ere, ez genuen nahi dantzak zailegiak zirelako inor atzera botatzerik". Helburua bete dutela uste dute antolatzaileek, adin guztietako oriotarrek dantza egingo baitute larunbatean euskal ezkontzan; haur, gazte, heldu eta adinekoek.

Herritarren parte hartzea xede
Eskualdeko hainbat herritan egin izan dira antzinako euskal ezkontzak, eta oriotarrak batean eta bestean izan dira eredu bila. Ikerketa lana ere egin behar izan dute. "Aranzadirekin harremanetan jarri ginen, eta Fermin Leizaolarekin hitz egin genuen garaiko ohiturak ezagutzeko. Horrez gain, euskal jantzi tradizionaletan aditua den Ramon Garciarengana ere jo genuen zein motatako jantziak erabiltzen zituzten jakiteko eta arropa egokiak prestatzeko".

Dokumentazio eta ikerketa lanaz haratago, euskal ezkontza prestatzerakoan zailena ados jartzea eta taldekideek buruan zituzten ideiei forma ematea izan dela aitortu dute. "Ideia asko genituen, baina argi genuen gure helburu nagusia herritarrek euskal ezkontzan parte hartzea izan behar zuela". Iaz Iñude eta Artzainen Konpartsan dantza egin zuten askok errepikatu egingo dutela nabarmendu dute, eta denera 200 lagun inguruk parte hartuko dute ikuskizunean; horietatik 50 herritar animatu dira dantza egitera, eta gainontzekoak figurante moduan aterako dira. "Iaz ehun lagun inguru animatu ginen Iñude eta Artzainen Konpartsara, eta aurten gustura gaude parte-hartzaile kopurua igo egin delako". Dena dela, herria antzinako euskal ezkontzako giroan bete-betean murgiltzeko herritarren laguntza behar dute, eta oriotarrak baserritarrez edo arrantzalez jantzita kalera ateratzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide