Dikeko eta kofradiako proposamena egin dute

Karkara 2018ko eka. 6a, 15:02

Harreman komertzialak sortzeko baliagarria izango den kale batekin egituratuko dute. Kofradian Arrantzale Kalea ibilgailuentzat ireki eta saneamendua hobetuko dute.


Joan den maiatzaren 21ean asanbladan adostu ondoren, Orioko dikerako eta kofradiarako proposamena aurkeztu du Adostasun Batzordeak. Dikeko proposamena kale nagusi batekin egituratuko dute, harreman komertzialak sortzeko baliagarria izango dena. Ingurumen-izaera finkatzen lagunduko diola uste dute batzordekideek, eta errioaren ondoko pasealekuaren erabilera hobetu egingo dela diote, eremua lorategi publikoekin osagarrituz. 

Bestetik, etxebizitza babestu gehiago izango direla zehaztu dute. 2.384 metro koadroko eremua izatetik 8.974 metro koadrokoa izatera igaroko da eremua, 100 etxebizitza eraikitzeko aukera emanez. Aurrez egindako proposamena baino 3,75 etxebizitza gehiago izango liratekeela jakinarazi dute batzordetik. 

Lorategidun eremu zabalak egitea ere aurreikusi dute, lur azpian aparkamendu publikoak eraikitzeko. Ekipamenduetarako, komertzioetarako eta Alde Zaharrerako irisgarritasuna hobetu nahi dute aparkamenduen bitartez. Donostiako Alderdi Eder inguruko lorategia jarri dute adibide gisa batzordekideek.
 

Instalazio publikoetarako udaletxearen lagapena 1.000 metro koadrokoa izango da dike eremuko kale nagusian, eta 900 metro koadroko partzela izango dute, nahi badute  ekipamendu publiko bat eraikitzeko.  

Baina, dikeko eremua ez ezik, kofradia zaharrari eta inguruari ere irtenbide bat emango diotela azaldu dute. Arrantzale Kalea ibilgailuentzat irekiko dute eta saneamenduari irtenbide bat emango diote,  bai kofradian eta baita portuan bertan ere. Kofradiako eraikin berriak 2.000 metro koadroko azalera izango duela jakinarazi dute, eta horietatik 1.600 metro koadro utziko dizkiote udalari. Lagapenari esker, kofradiaren iraunkortasuna ahalbidetzeko baliabideak izango dituztela uste dute Adostasun Batzordeko kideek.

Alde guztiek onetsi zuten Adostasun Batzordearen  proposamena 

Jabe pribatuek eta beren talde juridikoek aho batez onetsi zuten asanbladan dikerako eta kofradiarako proposamena. Jose Angel Zaldua alkatea, ordea, abstenitu egin zela gogora ekarri dute. 

Orain plataformaren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso zuen proposamenak, eta babes horrek proiektua garatzea eta larrialdiz kofradiari konponbide bat ematea ahalbidetuko duela uste dute. Akordioaren bitartez, kofradiaren iraunkortasuna bermatuko dela azaldu dute batzordetik. Garrantzizkotzat jo dute kofradia mantendu ahal izatea: Bere osotasunean, Orion bertan dagoen enpresa nagusia da; bere hastapenak herriari oso lotuak dituena. Gainera, mugikortasuna, irisgarritasuna eta saneamendua hobetzeko ere balioko duela sinesten dute. 

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman dizkiote Orain plataformari, EH Bilduri eta PSE-EEri, negoziazio prozesu luze baten ondoren, beren babesa eta borondatea erakusteagatik. Alabaina, kezka ere azaldu dute: Inork ezin du kofradiaren eremuak konpontzeko duen larritasuna zalantzan jarri. Oso kezkatuta gaude adostasunez eta legearen barruan hitzartutako akordioa atzeratzen ari delako, erabaki politiko bat hartu ez dutelako.
 

Proposamena martxoan egindako bilera batean azaldu zieten guztiei, baina udal gobernuaren erantzun ofizialik jaso ez dutela azaldu dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide