Oliden anaiak: Kontxako 31 bandera

IƱaki Iturain 2018ko mai. 30a, 09:30

Goian, Inazio, eta behean, Batista, Antonio eta Alejandro.

Juanito Mirallesen bisita izan du KARKARAk maiatzean. Paper eta argazki bana ekarri zituen. Papereko hitzetan eta argazkian, gai bera: Inazio, Batista, Antonio eta Alejandro Oliden, Ortzaikako anaien Kontxako banderak. Eskaera bat egin zigun Juanitok: ekarritakoa Karkaran argitaratzeko, Oliden anaientzako omenaldi moduan.

Gutxi izango dira arraunerako Juanitok hainako grina dutenak. Lana ere asko egin du Orioko arraunaren alde. Beraz, horrenbeste zor zaio Juanitori. Gainera, historia idatziak balio erantsia hartzen du jendearen parte hartze aktiboarekin. Hauek dira Mirallesen hitzak:

Lau anai arraunlari zein baino zein hobeak. 31 Kontxako bandera eskuratu dituzte lauen artean. Ignaciok 17 urterekin jokatu zuen Kontxan, 1935ean, eta galdu egin zuten, trainerua hondoratuta. 1942 eta 44an jokatutakoetan, ordea, irabazle izan ziren. Ignaciok, guztira: 2 Kontxa. Bautistak 1939, 40, 42 eta 44an Oriorekin irabazi zuen bandera. 50ean, Selección guipuzcoana de Esperanza de San Sebastian taldearekin; 51, 52, 53 eta 55ean, Oriorekin; 57an, agiñarrekin; 58an, berriz ere Oriorekin; 60an agiñarrekin; eta 64an, Oriorekin. Guztira: 13 Kontxa.

Alejandrok 1951, 52 eta 55ean, Oriorekin; 57an, agiñarrekin, eta 58an Oriorekin. 1953an, Campeonato de España traineriletan irabazi zuen, bertan min hartu eta urte horretan ezin izan zuen Donostian jokatu. Guztira: 5 Kontxa. Antoniok, aurreneko Kontxa Selección guipuzcoana de Esperanza de San Sebastian, 1950ean. Oriorekin; 51, 52, 53, 55, 58 eta 64an; agiñarrekin, 57 eta 60an; eta Lasarte Mitxelinekin, 69 eta 73an. Guztira: 11 Kontxa. Antoniok joan den otsailaren 8an 92 urte bete zituen. Anaietatik bizi den bakarra da. Aurrekoan harekin hizketan nengoela, hauxe esan zidan: oriotarron artean garai hartan ondo konpondu izan bagina, 20 urtez jarraian erraz irabaziko genuen Kontxako estropada.

Horraino Mirallesen hitzak. Orion badira bestelako abizena duten familia arraunlariak oparoak: Sarasua, Lizarralde, Uranga, Elizondo, Manterola, Solaberrieta, Etxeberria, Korta, Garmendia, Redondo, Puertas… Baina egia da Oliden anaiek hainako Kontxako bandera ez duela beste familia batek irabazi historia guztian, ezta urrutitik ere. Aspaldiko urteotan Orioko arraunzaleek ondo ikasia dute zenbat kostatzen den Kontxako bandera bat irabaztea. Oriok 32 ditu eskuratuak. Horietako bakarra ere ez da erraza izan, nekerik gabea; ahalegin eta esfortzu handiz irabaziak izan dira denak.

Mirallesen zerrendan garbi ikusten da Ortzaikako lau anaiek beste herri batzuentzat lortu zituztela bandera asko. Hori orduan, gaur egun bezala, ez zitzaien asko gustatzen zenbait herritarri. Eta garai haietan gordin-gordin agertu ziren arraun giroko batzuen grina okerraren ondorioak: haserreak, ezinikusiak, esamesak, irainak, boikota…

Baina Orioko patroiak liburuko Antonio Olidenen hitz hauekin bukatuko dugu gaurko oroitzapena: Hala ere, mutil batzuentzat amua zen giro hura; beste inon ez zegoen grina eta zaletasuna ikusten zuten Orion eta horrek erakarri egiten zituen, Oriorekin jokatzeko gogoa sortarazten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide