Fatiha Hajji Baba: "Ikusten, sentitzen eta margotzen dudana da nire aberastasuna"

Karkara 2018ko mai. 9a, 16:15

Fatiha Hajji Baba (Monlay Boussalham, Maroko, 1962) pintorea da. Duela 26 urte utzi zuen Maroko, eta, hainbat tokitatik pasatu ondoren, Azkoitian jarri zen bizitzen duela hamahiru urte. Bere margolanak Orioko Kultur etxean izango dira ikusgai, hilaren 27ra arte.

-Duela 26 urte utzi zenuen Maroko, eta hamahiru urte daramatzazu Azkoitian bizitzen. Zer topatu duzu bertan?

Jende ona eta lasaitasuna topatu ditut. Oso lasai sentitzen naiz, eta maitatua ere bai. Lehenengo egunetan kosta egin zitzaidan, hiri handiagoetan bizitzera ohitua nagoelako. Horrelako herri txiki batera egokitzea zailagoa da, zentzu guztietan, baita lana bilatzerako orduan ere. Oso herri atsegina da, eta bakea sentitzen dut. Ez dago gerrarik, ez arazorik, ez gatazkarik. Bakoitzak bere bidea eta bizitza egin arren, elkar laguntzen dakite. Azkoitia mendien artean dago, eta ez dakizu nora zoazen herria topatzen duzunera arte. 

 

-Bizi izan dituzun injustiziak ditu oinarri zure obrak.

Nire bizipenetatik sortutakoak dira. Ez naiz Euskal Herrian bakarrik bizi izan, Espainian ere bai, eta han jende hotzagoa ezagutu dut. Hemen aurkitu dut nire bidea, han ez bezala. Nire sufrimenduaren fruituak dira margoak. Hori da hemen irabazten dudana: ez dago dirurik eta lanik, baina indarra irabazten dut.

Jendea sufritzen ikusten dudanean, berehala ulertzen dut. Liburu bat da bizitza, orri zuriduna, eta egunero ikusten edo sentitzen duguna idazteari ekiten diogu. Bizitzak kolore asko ditu.

 

-Hori guztia emakume, pobre eta migrante baten azaletik adierazten duzu.

Bai. Emakume migrante batek muga asko pasa behar izaten ditu: kultura, aduana, jendea, janaria… Egokitu egin behar duzu. Herrialdetik ateratzean muga bakarra pasa behar duzun arren, muga asko datoz horren atzetik. Gainera, gutxiespen asko jasotzen ditugu muga horiek zeharkatu behar izaten ditugunean. Zorte ona izan dezakezu eta bide zabalagoa izan, baina bestela oso bide estuetan ibili behar duzu, eta horretarako beharrezkoa da indar mentala. Oztopo guzti horietan optimista izan behar da.

Mentalki indartsua den jendea dut gustoko, eta hori da Euskal Herriak duen gauzarik ederrena. Gaizki nagoenean basora eta mendira joaten naiz, eta bakea sentitzen dut. 

Euskal Herriak duen historia munduko beste herrialde batzuetakoarekin aldera genezake, garaiko historia da. Beti gerran bizi gara, baina badago horrela bizi nahi ez duen jendea. Nik, adibidez, asko sufritu izan dut; baina horri aterabidea ematen diot margolanen bitartez.

Hemen oso pozik nago. Hona iritsi nintzen lehen egunean manifestazio batekin egin nuen topo. Errioxatik etorri nintzen orduan, eta nora nihoan galdetzen zidaten etengabe. Egun horretan ia berriz ere itzuli egin nintzen Errioxara, baina ezetz esan nion nere buruari. Hamahiru urte daramatzat Azkoitian, eta ez dut sekula bonbarik ikusi: aldatu egiten dira aurreiritziak, eta egun batean zerbait ikusteagatik ezin duzu egun guztietara estrapolatu. Egunez egun bizi behar da. Bakea aurkitu dut gerran dagoen herrialde batean.

Erakusketan bada koadro bat gatazka hori erakusten duena. Koloretsua da, loreak ere ageri dira, baina nahaspila ere badago atzean.

-Kolore biziak erabiltzen dituzu zure margolanak egiteko, baina miseria eta tristura ere iradokitzen dituzte.

Ur jauziak margotzen ditut, loreak… Hori guztia ikustean pentsatzen dut: hemen beste bizitza bat dago. Gaizki nagoenean basora edo mendira joaten naiz, edo jendearekin hitz egiten dut.

Ni herrialde hontara egokitu naiz: bere formara, usainetara, lurrera. Lanera, ordea, ezin izan dut egokitu. Batzuetan ezin izaten dut jasan, nire izaeragatik.

-Zer nolako margolanak ikusiko ditugu Orion?

Bada margolan bat emakume bat erakusten duena, lasaitasunean, mendian, ura du inguruan… Hori gustatu egiten zait. Beste bat ere badut baso batekoa. Paisaiak gustatzen zaizkit, indarra ematen didate.

Asko bidaiatu dut. Bide luzea izan dut, pentsamenduaren bidaia; emozionala. Marokotik Santanderrera joan nintzen lehendabizi. Ez nuen inor ezagutzen, ezta hizkuntza bera ere. Arazoak izan nituen, eta Errioxara joan nintzen. Han berriz ere mugak pasatu behar izan nituen.

Hori guztia daramat barruan. Gainera, ez daukat dirurik, eta nire otorduetatik atearatzen dut nik nahi dudana margotzeko. Hori da asetzen nauena eta hemendik eramango dudana. Jendeak aberastasuna eraman nahi izaten du hemendik, baina nire aberastasuna ikusten, sentitzen eta margotzen dudana da. Margolan berri bat egin nahi dudanean, koadro bat hartu eta lehendik margotua nuena ezabatu behar izaten dut; ez dudalako mihiseak erosteko dirurik. Min handia ematen dit horrek. Dirua izango banuke, dauden bezala utziko nituzke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide